Javi Etxebarria eta Txus Ruiz de Erentxunen bizipenak bildu ditugu.
Javi Etxebarria eta Txus Ruiz de Erentxunen bizipenak bildu ditugu.
Javi Etxebarria Kaxmirreko Nun mendia igo guran zebilen abuztu hasierako uholdeak gertatu zirenean. Leh herritik Kargilera joan eta hantxe harrapatu zituen gaueko euri-jasak; hurrengo egunean, Leh hirira itzuli behar izan zuten.
Euri-jasak ibilbidea urez estali eta zubi bat aurretik eroan zuen; espedizioko kideek euren blogean zehazten dutenez, toki horretan, zazpi lagun ere hil ziren. Biharamunean lur-jauzi bat gertatu zen hirian, 200 hildako inguru eragin zituena. Egoera ikusita, hondakinak alboratzen, autoak lokatzetatik ateratzen eta ahal zutenean laguntzen eman zuten eguna: \"Jendeak herriko puntu garaietara edo mendira alde egin zuen; bertan geratu zirenak ere arineketan hasten ziren euri tantak somatu orduko\", diote blogean. Amaitzeko, espedizioa bertan behera utzi behar izan zuten. Etxebarriak irailaren 1ean itzultzea aurreikusi du.
Erentxunen bizipena
Txus Ruiz de Erentxun kaiakista eta mendiko gida ezaguna ere Leh hirian zegoen uholdea gertatu zenean. Aurreko egunean Zanskarreko erreka jaitsi zuen 16 bezerogaz batera. Errekako urak \"handituta\" ikusi zituen. Zubi batzuk apurtu ziren, baina arazo barik jaitsi zirela azaldu du. \"Goizeko lauretan irtetzekoak ginen erreka jaistera, baina autobusa ez zen etorri. Bila joan nintzen eta geltokiaren ondoan gertatu zen guztia. Nahiko arin heldu nintzen. Auzo eta leku konkretu batean gertatu zen, ez herri osoan. Etxeak erreka ondoetan daudenez, uholdeekin jauzi egin ziren. Inguru pobrea da\". Egun bi geroago erreka jaitsi zuen egoera ikusteko nepaliar eta italiar bategaz. Zubietako sokak jarri eta erreketan arbolak apartatzen lagundu zuen. Militarrak \"atoan\" etorri zirela hondakinak kentzen laguntzera adierazi du durangarrak.
[img]http://www.anboto.org/images/8000/8035/1.jpg[/img]
[img]http://www.anboto.org/images/8000/8035/2.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!