"Euskal selekzioa aldarrikatzea eta indarrak batzea da Mendi Martxaren helburua"

Anboto 2010ko uzt. 18a, 12:00

ESAITek Euskal Selekzioaren aldeko 10. Mendi Martxa antolatu du aurten. Uztailaren 31tik abuztuaren 8ra egingo dute ibilaldia, eta gure eskualdetik ere pasatuko da.

ESAITek Euskal Selekzioaren aldeko 10. Mendi Martxa antolatu du aurten. Uztailaren 31tik abuztuaren 8ra egingo dute ibilaldia, eta gure eskualdetik ere pasatuko da. Abuztuaren 5ean martxa Atxondora helduko da, Elgetatik, eta hurrengo egunean Aramaiora joango da. Durangaldeko etapak antolatzen Durangaldeko lagun talde bat dabil. Euretako bat da Julen Azkoaga. Euskal Herriko hainbat herritatik pasatuko da Mendi Martxa... Ez da beti Euskal Herriko probintzia guztietatik pasatzen, baina aurtengoan bai. Normalean, zortzi egun izaten dira. Aurten hamargarren aldia denez, egun bat gehiago izango du, eta Elgetan egun osoko jaialdia egingo dugu, abuztuaren 4an. Aurten, gainera, lehen Mendi Martxako ibilbidea egingo da, baina aurkako norabidean. Denboratxoa daroazu Mendi Martxan parte hartzen. Lagun batzuekin joan nintzen lehenengoz, eta orduan 16 urte genituen. Gurasoen lagun batzuekin joan ginen, eta partaideen artean nahiko umeak ginen orduan. Urtero-urtero joaten jarraitu dugu, eta hau bosgarrena izango da. Bertako jendea ezagutu eta konfiantza hartu dugu. Aurten Durangaldetik pasatzen dela ikusita, bertako etapak antolatzen ibiltzeko eskatu digute. 'Sherpa' lana ere egin duzue arinago. Lehengo urtean eurek eskatuta etapa baten sherpa lana esaten dena egin genuen. Gutxienez, lau bat lagun egoten dira bai aurrean bai atzean; walkiekin jendeari bidea erakusten eta seinaleak jartzen egon behar izaten dira. Iaz hori egin genuen, eta aurten, etapan sherpa lana egiteaz gainera, Atxondoko harrera eta ekitaldiak prestatuko ditugu. Zer prestatu duzue? Herri guztietan izaten da harrera moduko bat, eta hori prestatzeaz gainera, orain Atxondo eta inguruetako kultur eta kirol eragileen atxikimenduak jasotzen gabiltza. Martxa Atxondora heltzean harrera ekitaldia egingo dugu, eta saiatuko gara kirolariren bat ekartzen. Gero herri gehienetan herri-afaria prestatzen saiatzen gara, eta kontzerturen bat ere lotu gura dugu. Kontua martxako jendeaz gainera Atxondoko eta inguruetako jendea bertaratzea da. Garrantzitsua izaten da talde eta pertsonen atxikimenduak batzea. Azken finean, mendi martxaren helburua hori da: aldarrikatzea, nazio garen herri legez, euskal selekzioa behar dugula, eta indarrak batzea. Martxa egitekotan, osorik egin behar da? Dena egitera edo egun solteak egitera joan daiteke. Mendi Martxa guztia egiteko izena emateko epea zabalik dago, eta ESAITen webgunean topatu daiteke zer egin behar den. 200 euro jartzen dira, eta etapa bakoitzean, egunerako behar duzuna baino ez duzu eramaten aldean; kamioi txiki bat dago beste gauza guztiekin. Herri batera heltzen garenean, afaria, lo egiteko lekua, dutxak... egoten dira. Ezin duenari osorik egin, egunean bertan borondatea ordaintzea eskatzen diogu. Partaideei dagokienez, 100 pertsonako muga jartzen da, baina ez dago arazorik egun baten gerturatu eta etapa solteak egiteko. Etapak zelakoak izaten dira? Prestatuta egon behar da? Ez da mendizale profesionala izan behar, baina apur bat mendian ibilita egotea komeni da. Etapak normalean arazo barik egitekoak dira, baina etapa egiteko indar barik egonez gero furgoneta bat dago hurrengo herriraino joateko. Jendeak ez dezala beldurrik eduki. Mendi Martxak daukan gauza ona hori da, mendian egiten dugula, egunean 6-8 ordu izaten dira, eta ez mendian bakarrik, herriak ezagutzeko aukera ere egoten da, eta ekitaldi asko. Oso aberasgarria da eta jende jatorrak hartzen du parte. Ea Durangaldeko gazteak, batez ere, animatzen diren!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!