Iurretan eta Berrizen izan dira lapurretak. Mallabiena eta Eituako poligonoetan harrapatu dituzte ustez kamioietan gasolioa lapurtzeagatik, barikuan eta zapatuan.
Bariku gaueko hamaikak hamar gutxiago aldera, hiritarren segurtasuneko zaintza lanetan ari zen Ertzaintzako patruila bat Iurretako Mallabiena industrialdean. Halako batean, ontzi handi bat aldean zeramaten gizonezko biri erreparatu zieten agenteek; bertan aparkatuta zegoen Fiat Ducato furgoneta baterantz zihoazen. Bi gizonezkoek, ertzainak ikusi bezain laster, ontzia lurrera bota eta ibilgailurantz ihesi joan ziren handik alde egiteko asmoz baina ertzainek geldiarazi egin zituzten.
Ontzian zeramatena gasolioa zela egiaztatu eta 23 eta 46 urteko gizonezkoak identifikatu zituzten. Era berean, jakin zuten handik hurbil zegoen kamioi batek erregai-tanga puskatuta zuela eta bere ondoan, lurrean, metro eta erdiko luzera zuen mangera bat zegoela. Hau ikusita, ertzainek bi susmagarriak atxilotu egin zituzten indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta.
Zapatu goizaldean izan zen Berrizeko atxiloketa. Herritar batzuek topatu zituzten ustezko lapurrak Eituako industrialdean, gasolioa kamioi batetik ontzietara bideratzen. Ustekabean harrapaturik, ustezko lapurrek ihes egin zuten, ontziak eta euren kotxea bertan utziz. Herritarren abisua jaso ondoren ertzainak hurreratzean, N-634 errepidetik 18 eta 29 urteko gazte bi ikusi zituzten ibiltzen. Bertan identifikatu eta azterketak egin ostean, atxilotu egin zituzten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!