Espainiako Gobernuak erabakitako murrizketei erantzuteko greba orokorra deitu zuten martitzenean gehiengo sindikalak alde batetik eta C.C.O.O. sindikatuak bestetik.
ELA eta LABen balorazioak entzungai.
Espainiako Gobernuak erabakitako murrizketei erantzuteko greba orokorra deitu zuten atzo gehiengo sindikalak alde batetik eta C.C.O.O. sindikatuak bestetik. Herrika jarraipena era batekoa izan arren, eragin nabarmena izan zuen grebak eskualdean.
[imgd]http://www.anboto.org/images/7800/7895/1.jpg[/imgd] Durangon piketeak ibili ziren auzorik auzo. Izan ere, alde zaharreko komertzioak itxita egon ziren, baina beste auzo batzuetan grebak jarraipen desberdina izan zuen. Aramotzeko Eroskin eta Landako auzunean ibili ziren goizean piketeak. Udalean greba egin zuten langileek, eta arratsaldeko plenoa suspenditu egin behar izan zuten, piketeak bertaratu zirelako. Gero, ehundaka lagun elkartu ziren 17:30ean atera zen manifestazioan.
Elorrion, banku pare bat kenduta denda eta taberna guztiak itxita egon ziren, baita Eroski Consuma ere. Ez zen berdina gertatu Eroskiren plataforman, piketeak bertaratu arren lan egin zuten hainbatek-eta. Goizaldean hurreratu ziren sarrerara, eta lanera zihoazenak Ertzaintzak babestu zituen. Udaleko langile bat soilik zegoen lanean, eta piketeak joan ondoren amaitu zuen. Arratsaldeko 19:00etan manifestazioa egin zuten herriko kaleetatik.
Abadiñon, komertzioan %100an itxita zeuden Muntsaratz eta Zelaietan, eta %90ean Traña-Matienan. Eroski, Forum Sport eta Speedyk ere itxi egin zuten. Astolako industrialdean %90k egin zuen bat grebarekin, Alko, Estampaciones IRU, Aceros IMS, Dinalot eta Azterlan enpresak dira horren adibide.
Otxandion, industria sektorean erdizka egin dute bat grebarekin. Tabernak ez zituzten zabaldu, eta dendariek ordu pare batean izan zituzten zabalik komertzioak. Administrazioan %50eko jarraipena izan zen. Arratsaldean 80 lagun inguru mobilizatu ziren Herriko plazan.
Iurretan komertzio gehienek itxi zituzten ateak, eta Arriandiko industrialdean nabarmena izan zen grebaren eragina.
Berrizen San Pedro eguna ospatzen zen atzo. Beraz, jai eguna zen herrian. Tabernek ordu biko paroak egin zituzten goiz eta arratsaldez.