Jose Luis Bilbao Aldundiko Ahaldun Nagusiak Durangaldean egingo dituzte errepide erradial berrian gaineko xehetasunak eman ditu. Azpiegitura berrien gaineko erakusketa ere zabaldu dute San Agustin kulturgunean, maketa eta guzti.
Bizkaiko Foru Aldundia eskualdez eskualde aurre eramango dituen errepideen alorreko proiektuen berri ematen ari da. Gaur (ekainak 25) Durangaldeko proiektuen gaineko xehetasunak eman dituzte Durangoko San Agustin kulturgunean. Lan guztiek 400 milioi euroko aurrekontua daukatela azaldu du Ahaldun Nagusiak eta \"aurtengo urte amaieran aterako ditugu lehiaketa publikora; horrela 2011n lanak hasiko dituzte\".
Bi proiektu dira gauzatuko dituztenak: Gerediaga-Elorrio ardatza eta Ermuko saihesbide biak. Ondoren, beste proiektu baten berri ere eman dute: Gerediagan, A-8 autopistatik irteteko egingo duten azpiegitura berria, \"Berrizerako eta Elorriorako irteerak erraztuko dituena\". Horrez gainera,
Iurretatik Gerediagara bitartean hirugarren erreila egingo dute. Azken berrikuntza horiek Traña-Matienan (San Blas hostelaren parean) N-634tik Garairako bidegurutzean eta BI-633tik Garairako bidegurutzean biribilgune bana egitea ere eskatuko du. Lan horiek 47 miloi euroko aurrekontua izango dute eta 18 hilabeteko exekuzio epea.
Gerediaga-Elorrio ardatza (6,4 kilometro): Gerediagan lotune bik bat egingo dute. Batetik, azpiegitura hori Durango-Bergara-Beasain bideak A-8 autopistagaz eta N-634agaz bat egingo duen tokia da. Hortxe egingo dute lotura. Bestetik, eremu hori Gerediagan Aldundia egiten ari den A-8 autobidearen lotuneagaz ere lotuta dago iparraldean. Hor dauka hasiera Gerediaga-Elorrio tramuak. Puntu horretatik, ibilbidea Elorrioko saihesbideraino helduko da. Bidean Gaztelua (1.959 metroko tunelaren bidez) eta Muntsarazko lotune osoa zeharkatuko ditu. Autobide erako zatia da eta, ondorioz, errail bikoitza dauka (noranzko bakoitzean errail bi). Elorrion gaur egun dagoen saihesbira lotu aurretik, 95 metroko tunel faltsua egingo dute eta 275 metroko biaduktua Atxondon. Proiektuak \"Arrasaterako lotura hobetzeko\" balioko duela ere adierazi dute.
Ermuko saihesbideak bitan banatuta daude (5,2 kilometro):
Mendebaldeko saihesbidea: BI-3302 eta BI-2301 errepideak lotzen dituen ibilbide berria izango da. Adierazi dutenez \"obra honi esker, Urtia eta Goitondo poligonoek sortzen duten barruko zein kanpoko trafikoa herrigunetik aterako da, aipatutako errepideak N-634-agaz lotuko dituelako\". Errepidea Mallumendi mendiaren azpiko tuneletik (421 metro) joango da.
Hegoaldeko saihesbidea: Eibarko saihesbidearen biribilgunean hasiko da eta A-8 autobideko oraingo ordainlekurantz joenago doa, gero autobideari paraleloki jarraitzen diolarik Telleria baserriraino. Puntu horretan adar biko biribilgunea egingo dute; adarretako bat mendebaltzerantz joango da, aubideagaz lotune eta ordainleku berri bat sortuko dituelarik (egun daudenak ordezkatuz): beste adarra iparrralderantz doa tunel baten bidez, iparraldeko mendi-hegalean N-634 errepideagaz elkartzen den tokiraino.Tunel horrek hodi bikoitza dauka, noranzko bakoitzean errail bigaz eta 589 metroko luzera du.
Lan honeekin hainbat helburu bete gura dituzte. Besteak beste, \"Bizkaiko herri-lanetako eraikuntza sektoreko eta horregaz lotutako sektoreetako enpresen jarduera bultzatuko dugu eta Bizkaiko eskualde guztiak kalitate handiko bide-komunikazioen azpiegiturez hornituko ditugu, Lurralde Historikoa hobeto egituratu eta lotzeko\", azaldu du Jose Luis Bilbaok.