Durangaldeko gehiengo sindikalak grebara deitu du

Anboto 2010ko eka. 24a, 09:56

Durangaldeko gehiengo sindikalak prentsa aurrean adierazi duenez, oraingoz, Durangaldetik 120 enpresa komite eta enpresa delegatu atxiki dira gehiengo sindikalak ekainaren 29rako deitu duen greba orokorrera; horien artean, Sabeco, Smurfit nervión, Estampaciones Bizkaia eta Durango zein Zornotzako udalak, besteak beste. Sindikatuek \"beharrezko\" ikusten dute beharginak eta Euskal Herri osoa kalera ateratzea, lan erreformak biltzen dituen \"neurriei aurre egiteko\". Goizean Bilbon egingo dute manifestazioa. Arratsaldean, berriz, Durangon 17:30ean Andra Marian hasiko da manifestazioa, eta Elorrion 19:00etan plazatik irtengo da. Gehiengo sindikalak espainiar gobernuak mahai gainean ipini duen lan erreforma \"bertan behera uztea\" exijitzen du, \"kaleratzea erraztu eta merkatu\" egiten duelako. Izan ere, \"legea aldatzen du, orain arte kaleratze bidegabeak zirenak bidezko eta objektibo bihurtu daitezen\". Honela, \"lan egindako urteko 45 eguneko kalteordaina (gehienez, 42 hilabete adinakoa izan zitekeena) 20 egunera jaisten da, eta gehienez urtebete adinakoa izango da\". Gainera, lan erreformak hitzarmenak ez betetzeko bidea irekitzen du; negoziazio kolektiboari eraso egiten dio, enpresek akordio sindikalik gabe hitzarmeneko baldintzak (soldatak, ordutegiak, funtzioak...) aldatu baititzake, eta hori \"atzerapausu handia da\" sindikatuen ustez. Bestalde, \"tamalgarria da Aldi Baterako Lan Enpresei (ABLE) ematen zaien garrantzia\", izan ere, \"Euska Herriko lau miloi langabetuen lan-bilatzea, onurak lortu gura dituzten enpresen esku uzten dute\". Horrez gainera, \"gazteekin figura prekarioak erabiltzen jarraitu ahal izango dute\". Lan erreformaren edukiak \"gero eta latzagoak\" izan daitezkeela dio gehiengo sindikalak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!