Alerta laranja ezarri du Herrizaingo sailak gaurko

Anboto 2010ko eka. 16a, 09:00

80 litro bota ditzake metro karratu bakoitzeko, iragarpenen arabera.

80 litro bota ditzake metro karratu bakoitzeko, iragarpenen arabera. Euskalmet agentziak eguraldi gogorra iragarri du gaurko. Atzo ere iragarri arren, batez ere gaur itxaroten dute euri gehien botatzea, hain zuzen ere, 80 litro metro karratuko. Hori dela eta, Herrizaingo sailak alerta laranja izendatu du gaurko. Ekaitza ere itxaroten dute, tarteka. Euria gogoz eta ia gelditu barik botako ei du. Denborale honen arrazoiak bi dira, azaldu dutenez: alde batetik, gure inguruetara ailegatuko den aire hotzeko masa baten etorrera dago, eta bestetik, mediterraneoan sortuko den borraska batek hezetasuna ekarriko du. Errepidean tentuz ibiltzeko gomendioa eman du Herrizaingo sailak.

Durangoko aholkuak

Bestalde, Durangoko Udalak hainbat gomendio eman dizkie herritarrei. Hona hemen: - Erreka ertzetan ibilgailurik ez uztea eta ez akanpatzea ere. - Ibilgailuak ur putzuak sortu daitezkeen guneetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik kentzea. - Ahal izanez gero autoa ez hartzea. - Autoa hartu behar izanez gero errepide nagusietatik ibiltzea, eta ikusi ezinean egonez gero, leku segururen batean geratzea. - Urak eraman ditzakeen gauzak erretiratzea, batez ere produktu kutsagarriak. - Inguruko hustubideak ondo ote dauden begiratzea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!