Euskal Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria da Roman Bengoa. Kontseilu horren betebehar nagusia nekazaritza ekologikoaren arauak bete daitezen lan egitea da.
Roman Bengoa •
Nekazaria
Sarrian bizi da (Berriz)
Euskal Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluko lehendakaria da
Euskal Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria da Roman Bengoa. Kontseilu horren betebehar nagusia nekazaritza ekologikoaren arauak bete daitezen lan egitea da. Promozioan eta aholkularitzan ere egiten dute beharra. Euskal Herriko nekazaritzari buruz eta nekazaritza ekologikoari buruz berba egin dugu beragaz.
[imgd]http://www.anboto.org/images/7400/7499/1.jpg[/imgd] Transgenikoak eta produktu kimikoak parean dauzkazue nekazaritza ekologikoaren aldeko nekazariek.
Bai. Euskal Herrian, Nafarroan bakarrik daude landaketa transgenikoak, baina badaude jaten ditugun produktuen artean transgenikoak, eta askotan ez dugu jakiten. Asko eta asko ez dira etiketatzen, kantitatearen arabera eta egin den transformazioaren arabera ez daudelako derrigortuta etiketan jartzera; ez da bidezkoa. Kontsumitzaileok jakiteko eskubidea daukagu. Pentsuekin ditugu arazoak guk; gehienbat, kanpotik etortzen dira lehengaiak, eta hor transgenikoekin kutsatuta egoteko arriskua egon daiteke. Hori nekazaritza ekologikoan ez dago onartuta; kopuru oso baxua eduki behar du onartuta egoteko, eta istripu bat izan dela demostratu behar da. Pentsu denak aztertu beharko lirateke, baina horrek kostu handia dauka.
Jaten dena nondik datorren jakiteko kontzientziarik badaukagu?
Kontzientzia edukitzeko, lehenengo eta behin jendeak ezagutu egin behar du zer den gauza bakoitza, eta zer suposatzen duen bertako produktuak jateak eta kanpoko produktuak jateak. Ez bakarrik kanpoko produktuak direlako, kanpoan zelan ekoiztuta dauden eta zer baldintzatan egiten diren ere jakin behar da. Herrialde horietan, askotan kanporako produzitzen dabiltza, eta herri horietako jende asko gosez hiltzen daude. Jendeari gauza hauek denak azalduz gero, elementu gehiago izango ditu erabakiak hartzeko.
Zelako bideak ditu nekazaritza ekologikoak bezeroengana heltzeko?
Bideak, asko ez daude, baina badaude. Astero-astero merkatuek hor jarraitzen dute, eta bultzatu egin beharko dira. Gainera, beste hartu-eman batzuk sortzen hasi dira. Talde-kontsumoak sortu dira, adibidez, eta talde horietan nekazariak etxeetara joaten dira, zuzeneko salmenta egitera.
Merkera eta arinera joateko ohituren aurrean, horrelako formulek arrakasta daukate?
Gaur egungo eredu hori, azken finean, bultzatua izan da instituzioetatik eta agroindustria handietatik. Lehendik ere aldatu badira kontsumorako joerak eta bakoitzaren bizimodua, buelta berdin-berdin eman ahal zaio. Kontsumo-talde horiek garatzen dabiltza, eta geroago eta jende gehiago animatzen da. Kontuz ibili behar dugu, moda batean geratzea gura ez badugu. Hartu-eman horiek mantentzeko zaindu egin behar dira.
Instituzioak aipatu dituzu. ENEEK Eusko Jaurlaritza aholkatzeko sortu zen. Zer jarrera ikusten duzu politikarien artean?
Hitzez, oso ona. Asko erabiltzen dituzte \"ekologikoa\", \"jasangarria\" eta horrelako berbak. Hitzez dena da ekologikoa, dena da jasangarria... baina hitzetatik ekintzetara pasatzea beste gauza bat da. Egia da Eusko Jaurlaritza berriak denbora gutxi daroala, eta ikusi egin beharko dela ea hitzetatik ekintzetara pasatzen direnean zer jarrera hartzen duen. Estatu mailan, baina, alderdi bera dago Gobernuan, eta ikusita zer jarrera daukan transgenikoekin, ez dakit oso baikor egoteko arrazoirik daukagun.
Nekazariek momentu honetan zer ardura nagusi daukazue?
Hemen, eta mundu osoan, nekazariok gure ingurukoentzako produzitzea gura dugu. Egongo dira produktu batzuk esportaziorako izango direnak, eta hor baldintzak landu egin beharko dira, baina azken finean gure inguruan kontsumitzeko ekoiztu gura dugu. Horretarako baliabideak behar ditugu, eta, esaterako, orain desagertzen ari diren denda txikiak bultzatzea beharrezkoa da. Bestalde, orain gazte asko dago nekazaritzan jarduteko gogotsu. Baina, oztopo handiak dauzkate hasteko. Lur gutxi dago. Lurren banku moduko bat sortu da orain, eta ikusiko da, baina nekazaritzarako lurrak babesten ez badira, akabo: hemen ez dago ez nekazaritza ekologikorik, ez ezer! Fabriketako teilatuetan egin beharko dugu nekazaritza hidroponikoa. Udaletxe denek lur industrialak ondo babestuta eta ondo kokatuta dauzkate euren lekuetan; nekazaritzarako lurrekin gauza bera egin daiteke. Badakigu lur onenak beti lautadetan daudela, eta leku errazenak fabrikak-eta muntatzeko lautadak dira. Baina lurra amaitzen denean, hori ezin da berreskuratu; ez dauka bueltarik. Dagoen lurra ez da nekazaritzara bideratzen eta ez da babesten.
Berbaz
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!