Patxi Zubizarreta: "Pribilegioa izan da Durangaldean antzina zelan bizi ziren sumatzea"

Anboto 2010ko api. 16a, 09:33

Durangaldeko historia umeek ulertzeko moduan: horixe da \'Merioaren ibilbidea\' liburuan topatuko duguna. Gerediagak bultzatuta, Patxi Zubizarretak idatzi du liburua. Hemen elkarrizketa entzungai eta irakurgai.

Durangaldeko historia umeek ulertzeko moduan: horixe da \'Merioaren ibilbidea\' liburuan topatuko duguna. Gerediagak bultzatuta, Patxi Zubizarretak idatzi du liburua. Idazleak dio berarentzat pribilegioa izan dela gure eskualdeko historian barneratzea. Zer topatuko dugu \'Merioaren ibilbidea\'-n? Durangaldeko historia oso hurbila baina aldi berean oso ezezaguna kontatzen duen liburua da. Umeei gauza sakonak kontatzeko testu arin bat egiten saiatu naiz. Zelan sortu zen liburua egiteko asmoa? Durangoko Azoka baino lehentxoago Gerediagatik deitu zidaten galdetzeko ea prest egongo ote nintzen Durangaldeko historia laburtuko zuen liburutxo bat idazteko, eta horrelaxe. Ezagutzen nituen horko bazter batzuk, eta uste dut benetan paraje berezia dela, bai paisaia aldetik bai niretzat ezezagun samarra zen historiagatik ere. Eskualdeko historia ezagutzeko Gerediagaren laguntza izan duzu. Bai. Hasteko Jon Irazabalegaz goizpasa bat egin nuen, Goiurian hasi eta Durangon amaituta. Tartean, Astolako kartzela ikusi genuen, Muntsarazko dorretxea, Gerediagako zelaia... eta niretzat guztiz ezezaguna zen San Juan Momoitiokoa. Han benetan liluratuta geratu nintzen, lehenago herrixka batena zen hilerri haregaz. Oso goiz polita izan zen historia aldetik; batez ere, bertatik bertara ikusi ahal izan nituelako Gerediagakoek pasatutako materialean agertzen ziren tokiak. Gero beste bidaia bat egin genuen marrazkilariagaz. Bidaia hartan Momoition katu bat agertu zitzaigun, eta han izan genuen orpoz orpo denbora guztian, eta pentsatu genuen liburuan katu hori agertu egin behar zela nola edo hala, eta azkenean agertzen da. Aipatu behar dut Goiurian hegazkin baten argazkia ikusi nuela, XX.mende hasierako hegazkin baten argazkia ikusi nuen, Iurretako zelai batean lurreratu zenekoa. Bere historia ezagutu nuenean liburuan sartzea erabaki nuen. Beraz, XVI. mendeko Merioaren Ibilbidea hartu duzu ardatz, baina garai askotako kontuak kontatzen dituzu liburuan. Bai. Istorioan ikasle talde bat mikrobusean joaten da Goiuriara, Merioaren Ibilbidea egitera, eta zain daude gidaria noiz etorriko. Halako batean, zerutik, parapente batean ageri da Maria gidari misteriotsua; Anbotoko Mariren parekoa. Ibilbidean Durangaldeko historiako hainbat kontu kontatuko du. Gaitza egin zaizu garai horiek irudikatzea? Ez, egia esan, ez. Adibidez, XVI.mende inguru horretan zelan bizi ziren ikusteko Bilbon egon nintzen Arkeologia Museoan, eta han merioen garaiko janzkerak-eta ikusi nituen. Gainera, oso polita iruditu zitzaidan ikustea lehen Bilbo zein herrixka txikia zen. Kuriosoa da ikustea gaurko hirien jatorrian nola egon daitekeen jende multzo txiki bat. Garai hartan, Bizkaia osoan 8.000 lagun bizi izan ziren, eta gaur egun Durangaldean bakarrik 80.000. Horrek ere zer pentsatua eman zidan. Jende hura zelan antolatzen zen kontatzea izan da gure asmoa; kofradietan egiten zituzten bilerak, elizateak... kontzeptu horiek astun samarrak izan daitezke, eta modu erakargarri batean azaltzen saiatu gara. Uste dut Patirke Belazaren marrazkiekin hori lortu dugula. Garai horietatik zer ikasi genezake gaur egunerako? Uste dut historia horri begiratzeak prespektiba historiko bat ematen digula, gaur egunera zelan heldu garen ikusteko. Lehen mundu magikoan bizi zirela iruditzen zait. Momoitioko kanposantuan, adibidez, hilarrietan zulotxoak daude. Badirudi zulotxo horietan sua pizten zutela, pentsatzen zutelako su horrek arimari zeruratzen laguntzen ziola. Oso mundu xumea, txikia zen, eta aldi berean esanahiz betea. Gaur egun, gauza asko ditugun arren, esanahien mundu hori apur bat galdu dugula iruditzen zait. Garai hartan denak zuen bere esplikazioa; tximistak Mariren haserrea, suak hildakoaren arima... Orain, esaterako, sinestuna ez den norbait hiltzen denean ez dakigu ondo nolako agurra eman. Lehen lurragaz genuen harremana ere galdu dugu. Niretzako pribilegio bat izan da sumatzea zelan bizi ziren garai hartakoak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!