Natura babesteko urratsak harrobien auzian

Anboto 2010ko api. 9a, 09:07

Azken asteetan, harrobien gaia ukitzen duten erabakiak hartu dituzte Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak. Batetik, bertan behera utzitako harrobiak leheneratzeko asmoa agertu dute eta, bestetik, parke naturalak ustiapenetatik babestekoa. Durangaldean ere izango dute eragina erabakiok.

Harrobien gaiak txinparta ugari atera izan du Durangaldean aspalditik. Atxarte eta Zalloventa dira beharbada horren adibide ezagunenak. Baina eskualdeko harriaren erabilera urte luzetako kontua da, eta hainbat dira gure mendi edo baso inguruetan berau ateratzeko izan diren guneak. Hain zuzen ere, 49 harrobi topatu daitezke eskualdean; horietatik zazpi bakarrik daude orain funtzionatzen, eta gainerako 42ak geldirik daude. [imgd]http://www.anboto.org/images/7300/7358/1.jpg[/imgd] Durangaldea inguru preziatua izan da produkzio horretako eragileentzat: kareharria, hareharria eta marmola atera izan dira bertatik. Etxe nahiz makroazpiegituren eraikuntzek geroago eta material gehiago eskatu izan dute eta, 2007an, adibidez, Durangaldea jotzen zuen Jaurlaritzak hiru herrialdeetako kareharrizko erreserbagune nagusi. Ikusteko dago, baina AHTak ere nonbaitetik jan beharko du. Kasu honetan, baina, administrazioak natura babesteko neurriak hartu ditu.

Bertan behera utziak

Bertan behera utzitako harrobiak kutsagarriak eta arriskutsuak izan daitezke, Atxarteren moduko kasuetan makineria oraindik han dagoelako, beste batzuetan hondakinak daudelako. Hain zuzen ere, 2000. urtera arte, ustiatzaileak ez zeuden berreskurapen plan bat egitera behartuta EAEn. Aralar alderdiaren iniziatibaz, ustiategi hauek lehenera ekartzeko edo berreskuratzeko plana martxan jartzea onartu zuen Legebiltzarrak martxoaren 25ean. Horren arabera, 2011ko lehen seihilekoan aurkeztu beharko du plana Jaurlaritzak, besteak beste, berreskuratu beharreko guneak aukeratzeko irizpideekin. Plana hobetzeko asmoz, Jaurlaritzak udalerrien eta eragindako beste erakundeen iritzia kontutan hartu beharko du. Adituek diotenez, egoeraren arabera, harrobi batzuek erabilera kultural eta pedagogikoa izan dezakete, historia ezagutzera emanda. Esate baterako, XVIII. mendean Mañariko ustiapenetatik ateratako marmolez eginda daude Madrilgo Errege Palazioko zutabeak.

Martxan daudenak

Gaur egun, zazpi harrobi daude eskualdean funtzionatzen. Harearria ateratzen da Durangoko lau hauetatik: Bidegane, Santa Apolonia, San Roque 2 eta Lersundi. Kareharria hartzen dute Mañariko hiru hauetatik: Markomin Goikoa, Mutxate eta Zalloventa. Zalloventa Urkiolako Parke Naturalaren mugen barruan kokatuta dago, eta une honetan produkzioari eusten dio, bere kasua auzitegietan hara eta hona dabilelako. Dena dela, Legebiltzarrak ustiategi horren itxiera eskatu zuen otsailaren 2an, eta horretarako Urkiolako Parke Naturalaren Natur Baliabideen Antolamendurako Plana aldatzeko prozedura martxan ipini du Jaurlaritzak. Gainera, Euskal Herriko Natura Babesteko Legea ere aldatu zuen Lakuak martxoaren 11n, parke naturaletan ustiapen berriak zein oraingo ustiapenen hedapenak debekatuz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!