Denboraldi kaskarra izan da gure xake klubentzat

Anboto 2010ko mar. 17a, 10:31

Amaitu da kluben arteko xake txapelketa eta zer ospatu gutxi utzi digu aurten. Zaldi Baltza eta Larrasoloeta jaitsi egin dira hiru mailatan.

Amaitu da kluben arteko xake txapelketa eta zer ospatu gutxi utzi digu aurten. Zaldi Baltza eta Larrasoloeta jaitsi egin dira hiru mailatan. Elorrioko Zaldi Baltza —talde nagusia— goren mailatik lehenengo mailara jaitsi da; beste hainbeste gertatu zaio Durangoko Larrasoloetari lehenengo eta bigarren mailan. Abadiño xake taldeak euskal ligan beste urtebetez jokatzeko eskubidea lortu zuen azkenengo jardunaldian 3-1 irabazita. Hala ere, Ibon Martin xakelariak adierazi duenez, \"geure borondatez goren mailara jaistea hausnartzen ari gara\". Euskal ligak partidu batzuk Gipuzkoan eta Nafarroan jokatu beharra dakar eta \"nekatuta gaude\". Aurtengo denboraldiko azken jardunaldi bietan Alberto Cañon-ek lehen taldearekin jokatu du: \"Datorren urtean bigarren eta lehenengo taldeen arteko nahasketa egin eta bidaiak eta ahaleginak banatzea pentsatzen ari gara\", azaldu du Martinek. Goren mailan, une honetan, Larrasoloeta bakarrik dago eskualdeari dagokionez; durangarrek mailari eutsi diote. Zaldi Baltzak lau urte gorenean eman ondoren, maila galdu du. Datorren urtean mailaz igotzea izango dute helburu. Lehenengo mailan Larrasoloeta Bk miraria behar zuen mailari eusteko eta ez da halakorik gertatu. Haizetearen ondorioz atzeratutako partidua eta azken jardunaldikoa jokatu ditu egun gutxiren buruan, baina zortzi puntu posibleetatik 1,5 bakarrik batu ditu. Bigarren mailan Zaldi Baltza B igoeraren atarian geratu da Nahiz eta Endrokeri 2,5-1,5 irabazi puntu gehiago behar zituen mailaz igo ahal izateko. Larrasoloetak maila galdu du; puntuak behar zituen eta 4-0 galdu zuen. Gainera, Euskal ligatik Altzaga Leioa —Bizkaiko taldea— jaitsi denez, promoziokoa behar zuena jaitsierako postua bihurtu da. Hirugarren mailan Zaldi Baltzak eta Larrasoloetak esperientzia batzea izan dute helburu bakar moduan. J.D.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!