Aurreko urtekoekin alderatuta \"antzekotasun handiegia\" ikusten diote aurtengo Gobernu Taldearen proposamenari. Arlo askotan \"aldaketa integrala\" behar dela aipatu dute eta horregatik osotasunezko zuzenketa bat aurkeztuko diotela zirriborroari.
Gaur, 19:00etan, aurtengo aurrekontuak onartzeko udalbatzarra egingo dute Durangon. Talde Mistoak kontra bozkatuko duela iragarri du: \"EAJ eta PSOEk aurkezten duten zirriborro honek dakarren kudeaketa ereduaren guztiz kontra gaude eta ezin ditugu inondik inora 2010eko aurrekontu hauek babestu\", azaldu du Ritxar Alberdi Talde Mistoko zinegotziak.
[img]http://www.anboto.org/images/7200/7203/1.jpg[/img] EAJk eta PSE-EEk instituzioetako estabilitatearen markoan lortutako akordioa deigarri egin zaie \"sarritan alderdi biak elkarri mokoka ikusi ditugunean\". Dena dela, batez ere kritikatu dutena da \"aurrekontuak ez direla Durangoko bulegoetan adostu Madrilgo Parlamentuko bulegoetan baizik\".
Azken urteetan aldarrikatutakoa errepikatuz, aurrekontuen osaketan \"herritarren parte hartzeari bidea zabaldu behar diogula uste dugu\". Bide horretan legegintzaldi hasieran \"ahalegin bat egin zen aurrekontu parte hartzaileak bultzatzeko, baina hasierako bilera hark ez du jarraipenik izan\". Aurtengo aurrekontuen zirriborroaren atal batzuetako diru-atalak desglosatu barik zeudela salatu dute: \"Beste talde politikoei informazioa ezkutatzen dabiltzanean, zelan zabalduko diete parte hartzea herritarrei?\" galdetu dute.
Aurreko urteko aurrekontuekin konparatuta aldaketa gutxi nabari dituzte. Aldaketa horietako bat azpimarratu dute: \"Udalak egiten dituen ekintzak gutxitu egin dira, herriko talde ezberdinei diru-alguntzak eman ahal izateko. Guk ondo ikusten dugu herriko taldeei laguntzak ematea eta euren lana eskertzen dugu. Baina Udalaren ekintzak talde ezberdinen ekintzen osagarriak izan behar direla uste dugu\". Ildo horretatik alkateaz gainera, beste bost liberatu politiko daudela gogoratu dute eta \"urtean horiei bideratutako 220.000 euroko atala\" dagoela: \"Nonbaitetik murriztu behar bada, partida horretatik izan daiteke eta ez ekintzetatik.
Alokairu sozialaren alde
Gobernu Taldeak jabego pribatuko babes ofizialeko etxebizitzak bultzatzen segitzen dutela diote eta horrek \"ez du etxebizitza duin baten eskubidea bermatzen\". Horregatik, \"alokairu sozialeko etxebizitzak bultzatu behar dira\".
Horrez gainera, kultur etxe duin bat izateko bidean \"ez da pausorik eman\" eta ezta euskararen normalkuntza bidean ere: \"Atzo jaso genuen euskaraz aurrekontuen zirriborroa, baina gure lanketa osoa gaztelerazko testuagaz egin behar izan dugu\".
Azkenik, aurrekontuak diru sarrerez eta irteerez osatuta daudenez, arau fiskalen eta aurrekontuen eztabaidak \"batera\" egiteko eskatu dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!