Herriz herri hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 8aren harira. Aldarrikapenak eta ekintza kulturalek bat egingo dute datozen egunetan. Berdintasunaren aldeko lasterketak, antzerkiak, filme emanaldiak, kontzentrazioak... kolore morea izango da nagusi martitzenera bitartean. Durangoko Bilgune Feministak martxoaren 6an 11:00etan jarri du hitzordua. Andra Marian mural kolektiboa margotzeko deialdia egin dute. Herria bizikleta biran zeharkatuko dute ondoren. Mundu Martxari ekarpena egiteko, muralagaz argazkia aterako dute. Bazkaritarako ere elkartuko dira, eguerdiko 14:00etan, eta 17:00etan Triki-trans-poteoa antolatuko dute. Ondoren, egitarauak Atxondoko Gaztetxean jarripena izango du. Emakumeak larrugorritan antzezlana taularatuko dute eta Shok-Asalto taldeak kontzertua eskainiko du. Emakumearen Egunean manifestazioa irtengo da, 20:00etan, Andra Maritik. Emakumeen jabekuntza indartu guran, Iurretako Anderebide elkarteak udalagaz elkarlanean berbaldi sorta antolatu du. Emakumeek dauzkaten eskubideak ezagutzera ematea eta jabekuntza bidean aurrera egitea da berbaldi hauen helburua. Erakusketak, antzerkia, literatura eta musika emanaldia eta Lilakrosa dira aurten Durangon prestatu dituzten ekintzak. Berrizen Añeketan lasterketa, antzerkia, ipuin kontaketak eta tailerrak dira aurtengo egitaraurako aurreikusi dituztenak. Kontzentrazioa deitu dute martxoaren 8rako, 19:30ean, Urtiaga plazan. Abadiñon martxoaren 8a dela-eta kartel lehiaketa antolatu dute. Orrazkera afrikarrak egiteko aukera izango da martxoaren 8an Traña-matienako plazako kioskoan. Ondoren, Mundu Martxagaz bat egiteko murala egingo dute. Jarraian, herriko kaleak zeharkatuko dituen ibilaldia jai-giroan egingo dute. Zine foruma eta antzerkia ere antolatuko dituzte. Elorrion Emakumeok martxan berdintasunerako bidean kontzentraziorako deia egin dute martxoaren 8an, 17:30ean, plazan. Eramos pocos laburmetraia proiektatuko dute. Antzerki emanaldia ere izango da. Elorri Lorek antolatuta Cándida filma eskainiko dute martxoaren 17an Iturrin. Euskadiko Esnearen Ligak berbaldia eta mahai-ingurua antolatu ditu, martxoaren 6an, 11:00etan, Andragunean. Nerea Herran Muruagak, besteak beste, Edoskitzea eta lan-eskubideak hartuko ditu hizpide. Zaldibarren, Sutegi taldeak El pico de las Viudas antzezlana taularatuko du gaur, 14 urtetik gorakoendako, herri-ikastetxean. Afaria eta Ohiergi taldeagaz dantzaldia prestatuko dute biharko, 21:30ean Goierriko auzo-etxean. Zine-foruma eta mahai-ingurua antolatuko dituzte martxoaren 8an, herri-ikastetxeko ekitaldi-aretoan, Agua filmagaz; gogoetarako gaia Emakume alargunen munduari begira. Moderatzailea Arantxa Núñez berdintasun teknikaria izango da. Egun honetan haurtzaindegi zerbitzua izango da.