Elorrioko Institutuko ikasleen bideo saritua

Anboto 2010ko mar. 11a, 12:15


Duela bost urtetik Elorrioko Institutua Comenius izeneko elkarteko kidea da. Comeniusek Europako hainbat ikastetxe batzen ditu, eta euren artean elkartrukeak egiten dituzte. Elkarte horretako ikastetxeek elkarren berri izateko Interneteko gunea da eTwinning. Ikasleek esperientziak trukatzeaz gainera, gune horretan bideoak ere konpartitzen dituzte. Horren haritik, Europa mailako bideo laburren lehiaketa egin dute, eta Elorrioko ikasleak izan dira irabazle. Elorrioko Institutuko ikasleek hainbat herrialdegaz egin dituzte elkartrukeak orain arte. Aurten, inauteri aurretik ikasle alemaniarrak izan ziren Elorrion, eta gaur joango dira Elorrioko ikasleak Alemaniara. 30 ikasle doaz, erdiak Bavierara, Hausburgora zehazki, eta beste erdiak Alemania iparraldera, Peinera, hain zuzen ere.

Ikasi eta ondo pasatu

Bideo horiek prentsa tailerra izeneko irakasgaian egin dituzte, Iñigo Sourrouile irakasleagaz. Sourrouilek azaldu duenez, \"bideoen bitartez institutuaren beste ikuspegi bat eman gura dugu; ikasteaz gainera ondo pasatu eta gauza desberdinak egiten ditugula azaldu gura dugu\". Epaimahaiak jakinarazi duenez, bideoaren \"originaltasunagatik\" eman diote saria, eta baita ikasle askoren parte-hartzea eragin duelako ere. eTwinninga ardatz hartuta osatu duen bideoak hiru minutu irauten du. Bertan Elorrioko Institutuko hainbat ikasleak agertzen dira abesten eta bideo osoan presente dagoen musika martxosoari laguntzen. Gainera, ikasleek hainbat naziotako kulturari egiten diete erreferentzia eta hizkuntza askotan hitz egiten dute: frantsesez, ingelesez, japonieraz… Aipatutako kultura eta nazio horietako jantziak ere erabiltzen dituzte bideoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!