Udaleko 12 lanpostuetarako izen ematea astelehenean hasiko da

Anboto 2010ko mar. 4a, 14:40

Mankomunitateak eta Aldundiak eskualdean enplegua sustatzeko sinatutako hitzarmenetik 12 lanpostu dagozkio Durangoko Udalari. Atzo argitu zituen Aitziber Irigoras alkateak lanpostuak zeintzuk izango diren. Lan-poltsan izena emateko epea martxoaren 8tik 19ra arteko da, Udalak Andra Marian duen bulegoan; lanpostuen gaineko informazio osoa gaurtik Udaleko webgunean jaso daiteke. Udalak 108.000 euroko laguntza jaso du Aldunditik asmoa gauzatzeko. Lanpostuek sei hilabeteko iraupena izango dute eta eperik zehaztu ez arren, \"lanak apirilean banatzen\" saiatuko dira. Interesatuak hiru baldintza bete behar ditu: langabezian eta Durangon erroldatua egotea, eta, 25 eta 55 urte artean izatea. Iazko azterketa batean \"langabezia adin tarte horretan hasi zela gehien ikusi genuen eta horregatik hautatu dugu adin tarte hori\". Honako hauek dira banatuko dituzten12 lanpostuak: lau agente zibiko, lau peoi, lokalen errebisiorako hiru lagun eta lurzoru publikoaren erabilera kontrolatzeko eta aztertzeko lagun bat. Lau peoien zeregina arlo bitan zehaztu dute. Batetik, narriatutako espazio publikoak errekuperatzen jardungo dute: espaloiak handitzen, esaterako: \"Irisgarritasuna hobetzeko helburuz hainbat lan egin dugu aurten, baina oraindik egokitu beharreko eremu batzuk geratzen dira eta horiek amaitzea da asmoa\". Bestetik, Hiri Debekatuaren Mapan eremu arriskutsu moduan izendatutako tokiak argiztatuko dituzte. Lokalen errebisiorako hiru postuak betetzeko koordinatzaile, delineatzaile eta administrari bana behar dituzte. Lanpostu hauetarako hautagai izateko beharrezkoa da eremu bakoitzean dagokion titulazioa izatea. Beste lanpostuetarako ez dute titulazio berezirik eskatzen, baina batzuetan oinarrizko proba batzuk egingo dituztela aurreratu dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!