'Desira plazer': erotismoak euskal literaturan bete duen paperaz

Anboto 2010ko ots. 26a, 09:58

Durangoko Liburutegian aurkeztuko dute gaur, 1968 eta 2008 arteko euskal literaturaren azterketaren emaitza den antologia.

\"Ez dut uste irakurleak itxaroten duenik hemen topatuko duena dagoenik euskaraz idatzita\", dio Edorta Jimenez idazle mundakarrak. Euskal literatura aztertuta, erotismoa ulertzeko moduak biltzen jardun dute Txalaparta argitaletxeagaz kaleratu duten \'Desira plazer\' bilduma osatzeko Edorta Jimenezek, Igor Estankonak eta Josune Muñozek. Durangoko Liburutegian aurkeztuko dute gaur, 1968 eta 2008 arteko euskal literaturaren azterketaren emaitza den antologia. [imgd]http://www.anboto.org/images/7100/7146/1.jpg[/imgd] Hirurok etorriko zarete barikuko Durangoko aurkezpenera ala zeuen artean banatu egiten dituzue aurkezpenak? Josune eta biok bagatoz, berea da-eta bildumaren ardura. Lehenengo aurkezpena izango dugu Durangokoa, eta liburuaren nondik norakoak azaldu ondoren, emakumezkoen poesiaren ezaugarri nagusiak Jasonek eta gizonezkoenak neuk azaltzeko asmoa daukagu. Aurkezpenak, baina, nor datorren eta datorrenak zer jarrera dakarren araberakoak izaten dira beti, eta oso zabalik izaten gara gu. Idazle moduan, baina, izango zenituen irakurleekin halako zuzeneko hartu-emanetarako aukerak... Urteetan ibili izan naiz hara eta hona, oso sarritan egiten ez dudan arren. Azkeneko aurkezpena Basauriko irakurle talde bategaz egin nuen, abenduan. Oso esker oneko hartu-emana izaten da liburutegietan burutzen dena, eta batzen den jende kopurua baino, jarrera izaten da garrantzitsuena. Zelan sortu zen \'Desira plazer\' egitea? Txalaparta argitaletxearen Literotura bildumaren arduraduna naiz; berau da euskaraz dagoen literatura erotikoaren bilduma bakarra. Ni arduradun nintzenean hamar-hamaika liburu zeuden argitaratuta, eta hutsunea ikusi nuen poesia erotikoaren alorrean. Arlo horretako bilduma liburuak ezagutzen nituen galegoz, frantsesez eta beste hizkuntza askotan, eta otu zitzaidan bilduma egiten hastea, erraza izango zelakoan. Gero konturatu naiz ez dela batere erraza. Eta elkarlana, zelan sortu zen? Emakumezkoen poesiari buruzko bilduma osatzeko emakumezko baten ikuspegia behar zela konturatu nintzen, eta horrela jo nuen Josune Muñozengana. Askoz ikuspegi gehiago izan zitezkeen, baina, behintzat, emakumezkoena eta gizonezkoena izatea gura nuen. Gero, ikusita euskal poesiaren hainbat eta hainbat liburu sariketetakoak direla —eta ezkutuan geratutakoak— eta ikusita Igor Estankonak halako liburuen aipamen eta iruzkinak egin izan dituela, hari ere proposatu nion antologian sartzea. Sei hilabeteko lana izango zela pentsatzen nuena, azkenean ia hiru urtera joan da. Zerk eragin du epeak luzatzea? Pentsatu genuena baino askoz liburu gehiago dira aztertu ditugunak, eta liburu guztiak irakurtzeak orduak eskatzen ditu. Liburua bera hartu eta nabari da lana itzela izan dela. Irakurri behar izan duguna, egin behar izan ditugun hautaketa eta bazterketak.... Gero, idazleekin eurekin hartu-emanetan jartzea. Liburu guztietara jo dugu; lau-bost izen ezagunez gainera, ikusten ez diren liburuak ere aztertu ditugu. Horrek zerrenda luzeagoa izatea ekartzen du. Hasi nintzenean ez nuen esango hainbeste bazterreko eta galdutako liburu egon zitekeenik. Beste literatura batzuetan egindako bildumak izan dituzue eredu? Bai. Munduko literatura guztietan daude halako antologiak, eta euskal literaturan hutsunea handia zen. Alde horretatik, poz-pozik gaude, baina aztoratuta eta ikaratuta ere bai, bestalde, kanpoan utzi dugun zeozer egongo delako... Gure ilusioa edizio hau agortzea eta lana berritu eta hobetzen joatea litzateke. Aztertutako testuetan erotismoa modu esplizituan zein ezkutuagoan erakusten duten olerkiak daude. Anitza da bai. Alde batetik, erotiko ez erotiko sailkapen horretan ez gay, ez lesbo ez hetero ez ezer ez bereiztea izan dugu irizpide nagusia. Liburuak argitaratu izan diren ordenean sailkatu ditugu olerkiak, beste bereizketarik egin barik. Beraz, euskal poesiaren irakurketa kronologikoa ere bada liburu hau. Aukeran geneukan bide bat zen guk eskua ez sartzea, ordena kronologikoa egitea, eta hautu aberasgarria delakoan nago. Hiru aztertzaileok zer aintzat hartu eta zer ez adostea gaitza izan da? Bai, gaitza delako erotismoa definitzea. Muga horien barruan mugitu izan gara... Gaitza da antologoak egiten duen lana azaltzen; urteetan, denbora luzez liburuen artean \"hau bai, hau ez\" begiratzen ibili izana. Hautaketa ez da zientifikoa, ez dago metodo zientifikorik. Norberaren senak zer agindu duen izan daiteke zuzenagoa edo okerragoa, eta, horregatik, kritiken zain geratzen gara. Oraindik ere apurtu ez ditugun tabuak azaleratzen ditu liburuak. Gauza harrigarriak topatuko ditu irakurleak? Baiezkoan nago. Ez dut uste irakurleak itxaroten duenik hemen topatuko duena dagoenik euskaraz idatzita.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!