"Guretzat gogorra da bis barik egotea; eurentzat gogorragoa"

Anboto 2010ko ots. 26a, 09:47

Oier Anduezaren ama da Beatriz. Aritz Arginzonizen arreba, berriz, Maite. Biekin euren senide presoen egoerari buruz berba egin dugu.

Oier Anduezaren ama da Beatriz. Aritz Arginzonizen arreba, berriz, Maite. Biekin euren senide presoen egoerari buruz berba egin dugu. [imgd]http://www.anboto.org/images/7100/7144/1.jpg[/imgd] Zelakoa da Oier eta Aritzen egoera? Beatriz Antxia: Aste honetan 9 urte bete dira Oier atxilotu zutenetik. Caceresen dago. Abuztuan bere alaba jaio zen, Hize, eta abenduan bere neska-laguna atxilotu zuten: Araitz. Palentzian dago Araitz kartzelan, umeagaz. Hize jaio zenean, Oier etxera etorri zen bera ikustera, eta ordutik hiru bider ikusi du. Maite Arginzoniz: Aritz azaroan eroan zuten Aranjuezetik Jaenera. Han dagoenetik isolamenduan dago. 40 ordu egiten ditu zelda barruan. Patiora joateko 4 ordu edukitzen ditu goizean, eta hurrengo eguneko arratsaldera arte ez da irtetzen. Zelan daude animoz? B.A.:Eurak ez dira inoiz kexatzen. Kaletik galdetzen digutenean, Oierrek dioena esaten diet, ondo dagoela, baina nik beti esaten diot infernuan ezin daitekeela ondo egon. Batzuetan begietan ikusten zaio triste dagoela, baina haginak beti erakusten ditu, irribarrez. Araitzek ere ondo dagoela esaten du, baina ezin da umetxo bategaz kartzelan ondo egon. M.A.:Barrutik daramate samina. Ez dute gura gu arduratzea. Batzuetan igartzen zaie triste daudela, baina bisitetan beti agertzen dira alai. Zelakoa da kartzelako euren bizimodua? M.A.: Esandako moduan, Aritz isolamenduan dago. Kondena betetzen dabiltzanak ezin dira isolamenduan egon, beste presoen moduko baldintzak izan behar dituzte. Lehenago, Aranjuezen, ekonomatora edo dendara joan ahal zen. Orain hori ere ez; kartzeleroei deitu behar die edozertarako. Zeldan, gainera, barroteak eta sare bat dauzka, eta ostean horma bat; ez dauka ia argitasunik. B.A. Oier 7 urtean egon zen isolamenduan, baina orain beste presoen baldintzak dauzka. Araitz, berriz, hiru urtera arte egon daiteke Hizegaz kartzelan. Bost urteko kartzela zigorra dauka, beraz, bi urte egongo dira banatuta. Araitz lekuz aldatuko dutela esan digute, baina ez dakigu noiz eta nora. Ea ematen digun denbora datorren hilean bisitatzeko. Martxoan bi kartzelatatik pasatu eta umea Oierri eroateko asmoa daukagu. Legez, gurasoak eta umea kartzela berean egon beharko lirateke, baina ez daude batera. Katxeoak direla-eta, bisei uko egitea erabaki duzue… M.A.: Ez daukate horretarako eskubiderik. Orain katxeatzen uzten badiegu, gero biluztarari egingo gaituzte; eta gero nork jakin. Presoek borroka pilo bat egin dute gu ez ukitzeko. Gure artean haserretzea lortu gura dute, baina ez dute lortuko. Nik irailean ikusi nuen azkenekoz Aritz. Oraindio ez naiz Jaenera joan. Maiatzean daukat hurrengo bisita, eta kristaletik ezagutuko du bere iloba berria, kristala garbi badago! B.A.: Azken bisa abuztuan izan nuen. Hize jaio zenean, katxeoak hasi arteko hiru bisak Araitzek egin zituen umeagaz. Ordutik ez dugu bisik eduki; martxoan umeagaz joango gara bis berezia egitera. Arazoa konpontzeko itxaropenik baduzue? M.A.:Azkenean, guk amore eman beharko dugu. Kartzeletara kartak bidaltzen gabiltza, baina ez digute kasurik egiten. B.A.:Guretzako bakarrik egindako legeak egin dituzte. M.A.:Gaixorik dauden presoak etxean egon beharko lirateke, hiru laurdenak beteta dauzkatenak ere bai. Kondena osorik betetzeko Parot Doktrina sortu dute... Psikologikoki akatu gura gaituzte lege horiekin, baina presoak Euskal Herrira ekartzea ez da gure kapritxoa, legeek hori horrela izan behar dela diote. Zein izan da bizi izan duzuen momenturik txarrena? M.A.:Atxilotu zuteneko bost egun horiek. Momentu horretan ez dakizu non eta zelan dagoen; egurra jasotzen dabilela dakizu, besterik ez. B.A.:Umea jaio zenean, Oier etxera etorri zen ikustera. Hemendik irten eta aste bi espetxeetan bueltaka ibili zuten: Langraiztik Burgosera, Galiziara, Caceresera… Bisitara joan eta bertan ez zegoela esan ziguten, ez genekien non zegoen. Horiek izan ziren momenturik gaitzenak. Eta momenturik onena? M.A.: Bisak. Bera besarkatu ahal izatea, ukitzea. Kristalaren atzetik, azkenean, ez diozu ondo entzuten, kristala zikin dago… Presoentzako bizipoza dira bisitak, kartak eta telefono deiak. Oso garrantzitsuak dira. B.A.:Guretzat gogorra da bis barik egotea, eta eurentzat gogorragoa. Etxeraten senideek elkar laguntzeko aukera izango duzue... M.A.:Bai, eta horregatik gura dute denagaz amaitu. Oso garrantzitsua da Etxerat. Beti daukazu telefono bat laguntzeko. Informaziorako, abokatuentzako,bidaiak antolatzeko…Etxerat salbazioa da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!