Abizenak euskal grafiaz, UEMAren eskutik

Anboto 2010ko ots. 5a, 10:39

UEMAk bultzatuta, Guk Abizena, zuk? kanpaina ipini da martxan Atxondo, Izurtza, Mallabia eta Otxandion.

UEMAk bultzatuta, Guk Abizena, zuk? kanpaina ipini da martxan Atxondo, Izurtza, Mallabia eta Otxandion, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Modu honetan, Arteche, Aguirre, Aurrecoechea, Echenique edo Echevarria aldatu eta Artetxe, Agirre, Aurrekoetxea, Etxenike edo Etxebarria bihurtzeko aukera izango dute interesatuek. UEMAko Zuzendaritza batzordearen ustez, \"hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ez da normala\". Ekimenaren helburua normalizazioa baino ez dela gaineratu dute kanpainaren sustatzaileek, eta gogorarazi dute hizkuntza normalizatuetan ez dela horrelakorik gertatzen: \"Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta espainolek Cervantes idazten dute eta ez Zerbantes. Nor gara euskaldunak horiek berridazten hasteko? Aguirre edo Echevarria abizenak baldin badira, zergatik ez Agirre eta Etxebarria idatzi, euskaraz?\" Herriotan, etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina. Horrez gain, toki esanguratsuetan (udaletxeetan, kultur etxeetan, liburutegietan…) postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin. Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte: 1.- Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duea. 2.- Han emango duten eskaera orria datu pertsonalekin bete. 3.- Agiri hauek eraman: - Nortasun agiriaren fotokopia. Adin-txikikoa izanez gero, gurasoena ere beharko da. - Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. - Errolda agiria. - Ezkonduta edo seme-alabekin, familia liburua. - 16 urtetik gorako seme-alabarik izanez gero, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia. UEMAk, dei egin die euskaldun guztiei \"bere izanarekin koherente izan eta abizena euskaratzeko\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!