Eskualdean %60k egin du greba jantokietan

Anboto 2010ko urt. 27a, 11:19

Protesta hauen bidez, hitzarmen kolektiboa negoziatzea eta lan baldintzak gainerako langileekin berdintzea, monitore bakoitzaren zaintzapean dauden ume kopuruak bajatzea, formazioa zehatza izatea eta gutxienez egunero bi orduko kontratazioa eskatzen dute langileek. Gaur jarraituko dute lanuzteek.

Atzo izan zen asteko lehen protesta, eta gaur jarraituko du. Eskualdean eskola publikoetako jangeletan egin duten grebak %60ko jarraipena izan du LABeko ordezkariaren datuen arabera. Elorrion eskolako zuzendaritzak jangela ixtea erabaki zuen ezin zuelako segurtasuna bermatu, ELAko ordezkariak azaldu zuenez. Iurretan, Abadiñon eta Zornotzan jarraipena %100nekoa izan da. Durangon langileen erdiak egin dute lanuztea. Matiena, Berriz eta Atxondon, aldiz, grebak ez du jarraipen handirik izan. Protesta hauen bidez langileek eskatzen dute hitzarmen kolektiboa negoziatzea eta lan baldintzak gainerako langileekin berdintzea, monitore bakoitzaren zaintzapean dauden ume kopuruak bajatzea, formazioa zehatza izatea eta gutxienez egunero bi orduko kontratazioa. Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak \"gehiegizkoak\"direla adierazi dute, izan ere, sindikatuek uste dute \"sektore honetan ez dutela justifikaziorik\". 2 eta 3 urteko haurren begiraleen %80k joan behar izan du lanera gutxieneko zerbitzuak betetzeko eta jangelako eta sukaldeko langileen %10ek. Sindikatuek ez dute greba mugagabea baztertzen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!