AHTaren proiektuak eragindako "txikizioa" salatu eta larunbateko manifestaziora joateko deitu dute

Anboto 2010ko urt. 20a, 16:00

AHTa egiteak eskatzen duen \"dirutza\" gizarteak \"egunero dituen benetako arazoak\" konpontzera bideratzea eskatu dute. Era berean, larunbatean AHTrik Ez! Proiektu Txikitzaileak Gelditu lelopean Hendaian abiatuko den manifestazioagaz bat egin dute. Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo eguerdian (urtarrilak 19) Tabiran, AHTari dagozkion lanak burutzen ari diren inguruan. Handik gertu, orain lanean ari diren eremu batean, igaz arte eta ehunka urtez baserri bat egon zela salatu du Urdaspal Alberdi Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlaneko kideak: \"Lehen baserri bat, bizia, zegoen lekuan orain makinak eta suntsiketa dago\". AHTko lanak aurrera eramaten ari diren Durangaldeko beste tokiak ere gogoratu dituzte: Durangoko Larrinagatxu auzoa, Iurretako Orozketa, Abadiñoko Mendiola, Euba eta Zornotza. AHTa egiteak eskatzen duen \"dirutza\" gizarteko \"benetako arazoak\" konpontzeko erabili dezatela eskatu dute: \"Euskal Autonomia Erkidegoko herritar bakoitzeko 4.859 euro gastatuko dituzte trenean. Harrigarria da, horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak adibidez, bizkaitar bakoitzeko 593,84 euro baino ez dituela inbertituko 2010ean gizarte ekintzan. Konparazio horretan agerian geratzen da gastu sozialaren eta hormigoiaren negozioaren arteko aldea\". Horrekin batera, AHTa justifikatzeko lanpostuak sortuko dituen arrazoibidea \"ipuin bat\" dela diote: \"Azken urtebetean langabezia bikoiztu egin da eta azken 11 hilabeteotan 332 ERE ezarri dituzte bertoko enpresetan\". Horiek horrela, larunbatean 16:00etan, AHTrik Ez! Proiektu Txikitzaileak Gelditu lemapean Hendaian egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Zornotza Bizirik-ek ere bat egin du deialdi horrekin. Autobusak antolatu dituzte eskualdeko herrietatik. Autobuserako txartelak ohiko tokietan salgai daudela gogorarazi dute; Durangon Intxaurre, Alpino eta Mesoi Berria tabernetan, esaterako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!