Haurreskola publikoen eskaintza ugaritzen doa Durangaldean

Anboto 2010ko urt. 15a, 09:29

Astelehenean hasi eta urtarrilaren 29a arte haurreskola publikoetan izena emateko epea zabalduko dute eta Durangaldeko familiek inoiz baino aukera zabalagoa izango dute horretarako.

Astelehenean hasi eta urtarrilaren 29a arte haurreskola publikoetan izena emateko epea zabalduko dute. Durangaldeko familiek inoiz baino aukera zabalagoa izango dute horretarako; Garai eta Izurtza ez beste herri denetan dago haurreskolaren bat. Izan be, iaz eskualdeko lau herrik haurreskola berria inauguratu zuten: Atxondon (urtarrilean), Mañarian (martxoan), Berrizen (irailean) eta Otxandion (urrian). Guztira, orain, 208 ume hartzen dituzte eskualdeko haurreskola publikoetan. Hainbat dira, gainera, haurreskolak erabiltzen dituzten familiei zuzendutako diru-laguntzak eskaintzen dituztenak. Durangon, esaterako, lehenengoz bideratu dituzte laguntzak arlo horretara, Aralarrek proposatu ondoren, EAJrekin adostuta. Beste herrietan urteko aurrekontuetan zehaztuko dituzte laguntzak, baina Abadiñon, esaterako, ordainketa osoaren %30era heldu ziren 2009an Udalak onartutako laguntzak. Elorrion baldintza biren arabera banatzen dituzte laguntzak: familiak urteko dituen diru sarreren eta umeek Haurreskolan egiten duten ordu kopuruaren arabera. Iaz hasi ziren laguntzak. Iurretan laguntza 100 eurokoa da umeko urtean. Zaldibarren ez dago haurreskoletarako laguntza zuzenik, baina jaiotzen den haur bakoitzeko 600 euro ematen dituzte, herriko dendetan gastatzeko. Atxondon orain arte ez dute laguntzarik bideratu, baina iaz eskari bat baino gehiago jaso zutela-eta, eta 2010eko aurrekontuetan hezkuntzarako diru-atal bat gordetzea pentsatzen dabiltza. Berrizen, Otxandion eta Mallabian ez dago beren beregi arlo horretarako laguntzarik oraingoz. Garain Haurreskolarik ez dagoen arren, haurrak dauzkatenei laguntzen diete. Etxean zaintzaileak izateko laguntza ematen dute. 0-1 urte bitartekoei 300 euro ematen dizkiete eta 1-2 urte bitartekoei beste 300 euro. Beraz, guztira 600 euroko laguntza jaso daiteke. 2006an ipini zuten martxan sistema, eta orain arte 12 familiak eskatu dute laguntza.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!