Elkartasun karabana abiatuko dute aurten zortzigarrenez

Anboto 2009ko abe. 11a, 09:17

Elkartasun Karabana abiatuko dute aurten zortzigarrenez Durangoko Udalak eta Herria auzo elkarteak. Horretara, Tindufeko (Argelia) errefuxiatu kanpamenduetara eroateko elikagaiak batzeko kanpaina hasi berri dute.

Elkartasun Karabana abiatuko dute aurten zortzigarrenez Durangoko Udalak eta Herria auzo elkarteak. Horretara, Tindufeko(Argelia) errefuxiatu kanpamenduetara eroateko elikagaiak batzeko kanpaina hasi berri dute. Oraingo honetan, arroza, lekaleak, pasta, azukrea, atuna eta sardinak batzeko deia egin dute; baita konpresak ere. Hala ere, galtzen ez diren bestelako produktuekin ere lagundu daiteke, jakin eragin dutenez. Landako, Kurutziaga, Nevers, San Antonio-Santa Rita eta San Roke ikastetxeetan hasiko dute elikagaiak batzeko kanpaina abenduaren 14an. Baita Frai Juan Zumarraga institutuan eta San Jose Jesuitetan ere. Abenduaren 18a arte batuko dira jakiak. Horrezaz gainera, honako saltokietan ere egin daiteke bat elkartasun kanpainarekin: Eroski, Sabeco, Center Eroski Durango eta Center Eroski Herria. Atzotik dihardute abenduaren 19ra arte iraungo duen kanpainarekin horietan. Herria auzo elkartekoek jakin eragin dute Abadiño, Atxondo, Berroz. Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarko udalerriek ere parte hartzen dutela elkartasun karabanan. Guztiek dei zabala egin dute \'bakoitzak ahal duen neurrian\', kanpainan parte hartzera: \"Herri sahararrak bizi duen egoera oso larria da, eta, nazioarteko laguntzak egiten du posible herri horrek aurrera egitea; urtez urte kontutan hartzeko moduan jaisten dihardu horrek, eta duten elikagai hornidura agortzekotan dago\". Informazio gehiagorako honako telefono zenbakira deitu daiteke: 655 711 100 Iurretan Aitatu dugun moduan, Iurretako Udalak ere egin du bat Herria auzo elkarteak antolatutako Elkartasun Karabanarekin eta udal arduradunek jakin eragin dutenez, Nagusien Etxean, Ibarretxe kultur etxen eta Goiuria kulturgunean utzi daitezke Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara eroateko jakiak. Horretarako aukera dago abenduaren 14an hasi eta urtarrilaren 8a bitartean (biak barne). Maiztegi herri eskolan eta Juan Orobiogoitia institutuan martxan jarrita daude dagoeneko. Abenduaren 9an abiatu zuten elikagaiak batzeko kanpaina eta datorren abenduaren 18a arte iraungo du. Jatekoak eskolako idazkaritzan edo atezaindegian utzi daitezke.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!