Jose Luis Balentziaga: "Durangoko jaiek A gripearen kasuen gorakada handia eragin dute"

Anboto 2009ko aza. 4a, 16:18

Durangoko osasun zerbitzuen arabera, 25 urte arteko gazteen artean ikusi dituzte A gripe kasu gehien. Balentziagak azaldu digunez, 40 urtetik gorakoen artean oso kasu gutxi agertu dira Durangaldean.

Durangoko jaiek biharamun bikoitza eragin die askori. Jende pilaketa dagoen lekua gripea kutsatzeko aproposena omen da. Beraz, jaiak amaituta, Durangaldeko osasun zerbitzuak gainezka dauzkagu. Jose Luis Balentziaga Durangoko osasun zerbitzuetako arduradunak dionez, kasu guztiak hartu ahal izateko antolaketa berria prestatzen dabiltza. \"Durangoko jaien eragina nabaritu duzue. Berdin gertatu da Galdakaon. Gorakada izan du jaietan, eta beste gorakada bat aurreikusten dugu azaroan tenperatura jaitsierarekin batera.  Zenbat kasu? Euskal Autonomia Erkidegoko tasak neurtzerakoan, 100.000 biztanleko 210 kasu izan zen azkeneko batez bestekoa. Durangon ia 1.000 kasu izan ditugu. Ez da zehazten ohiko gripea edo A gripea den. Baina, ikusten gabiltzan %90 A gripea da. Txertoa noizko? Azaroaren 16an hastea itxaroten dugu.

Nork jasoko du txertoa?
Osasun zerbitzuetako langileendako, zaharren egoitzetako beharginendako, haurdun daudenendako eta gaixotasun kronikoren bat daukatenendako izango da. Ohiko gripearekin 65 urtetik gorakoek hartu izan dute txertoa, baina kasu honetan ez da adina izango nori jarri erabakitzeko modua.

Osagile batzuk txertoa ez dutela hartuko esan dute. Zuk zer aukeratuko duzu?
Nik neuk txertoa hartzeko erabakia hartu dut. Txertoa denbora laburrean egin behar izan dute. Atzetik OME (Osasunaren Mundu Erakundea) dago, eta babes eta segurtasun guztia daukala ez daukat zalantzarik, beste txertoen moduan. 

Jendeak txertoarekin zalantzak dauzka?
Ikusten dugu A gripea bestea baino askoz arinagoa dela. Bi hiru egunean pasatuta badago, zertarako hartu, galdetzen dute askok. Industriaren interesek ere zalantzak sortzen dituzte. Osasun aldetik ez dut uste arazo larririk dagoenik. Batez be, osasun zerbitzuendako lan handia da. Kontsulta asko bikoizten gabiltza. Kasu kopurua jaisteko txertoa baliabide bat da.

Beste neurri batzuk ere badagoz.
Gaixotuz gero, etxean gelditzea sukarra joan eta bi egunera arte. Eskuak garbitu, eztula egiterakoan besoa jarri, musuzapia erabiliz gero bota...  Hainbat neurri hartu daiteke.

Hain kutsakorra al da?
Batez be, gazteen artean gertatu da kutsadura gehien. Kasuen artean 40 urtetik gora ia ez dugu A griperik ikusi. Kasuen %80 inguru 0tik 25 urte bitartekoak dira. Beste gripearekin kontrakoa izaten da. Batzuek diote birus honen antzekoren batekin bere sasoian kontaktua izan genuelako izan daitekela. Urtero-urtero beste txertoa hartu duenak beste defentsa batzuk izan ditzakela ere badiote beste batzuek. Hori guztia, baina, frogatu egin beharko da.

Tamiflua errezetatzen duzue?.
Tamiflu oso gutxi errezetatu dugu. Uztailaren amaieratik hementxe daukagu, eta 20 lagun inguruk baino ez dute hartu. Gainerakoek parazetamola hartu dute. Ospitalera ere oso jende gutxi bidali dugu.

Beste gripearengandik zelan bereiztu genezake A gripea?
Alde medikotik, sintomen arabera ezin daiteke bereiztu. Betiko gripeak moko gehiago sortzen ditu. Gripe honek, besteak beste, sukarra eta gorputzean makaltasuna sortzen ditu.

Alarma soziala somatzen duzu?
Jendea ez da ikarak jota etortzen. Jarrera arduratsua daukate. Uztailean Argentinako eta Mexikoko kasuak ikusita, ez genekien zer gertatuko zen hemen. Uztailean Zelanda Berriko eta Australiako kasuak ikusi genituen. Gauzak ondo jakin barik politikoak berbetan hasi ziren, komunikabideak ere bai. Irudiak ikusita jendea maskarilla eta guanteak erosten hasi zen, baina alperrik. Hasierako instrukzioek zioten zazpi egun etxean egon behar zela, baina orain ez dela horrela ikusi dugu. Beste interes batzuk ere egongo dira.

Larrialdi zerbitzuak gainezka dauzkazue.
Domekan Durangoko larrialdietara 200 lagun etorri ziren. Galdakaoko ospitalera beste. Hala ere, jendea lasai etortzen da hona.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!