Behin betiko onartu dute Gerediaga eta Elorrio lotzeko errepide proiektua

Anboto 2011ko urt. 4a, 12:10

Proiektuak 240 milioi euroko aurrekontua du eta 45 hileko exekuzio epea.

Proiektuak 240 milioi euroko aurrekontua du eta 45 hileko exekuzio epea. Urtarrilaren 3an Bizkaiko Boletin Ofizialean argitaratutako jakinarazpenak jasotzen duenez, Aldundiak behin betiko onartu du Gerediaga eta Elorrio lotuko dituen errepidearen proiektua. Kanpazarko korridorearen barruan kokatzen den Gerediaga-Elorrio ardatzak 6,4 kilometroko luzera izango du (noranzko bakoitzean errail bigaz) eta Berriz (A-rako lotuneko zati batean) Abadiño, Atxondo eta Elorrio udalerrietako lur-zatietatik igaroko da. Erakusketa publikoan egon den denbora tartean 29 alegazio jaso ditu. Proiektuak 240 milioiko aurrekontua eta 45 hileko exekuzio epea ditu. Gaur egun, Iurreta eta Gerediaga arteko A-8 autopistan hirugarren erreia eta ordainlekua egiten ari dira eta, baita, proiektu beraren barruan, autopistarako sarrera-irteerak ahalbidetuko dituen biribilgune bi ere: BI-633an (Garairako bidegurutzean) eta BI-633 eta N-634 errepideek bat egiten duten lotunean. Interkonexio horretatik abiatuko da Gerediaga-Elorrio tramua, biadukto biren bidez. Traña-Matienatik aurrera Zelaietara heldu aurretik Gaztelua auzoa ia kilometro biko tunelaren bidez zeharkatuko du errepideak. Muntsaratzen errepide berrira sartzeko lotunea egingo dute N-634 errepideagaz. Horrela, Abadiño eta Atxondoko bizilagunei eta inguruko industria jarduerei errepiderako sarrera ahalbidetu gura diete. Inguru horretako orografiak \"gogorki\" baldintzatuko du lotunearen geometria; bailara txikia dagoenez (beraz, lautada txikia) lur mugimendu handiak eragingo ditu eta, Urti eta Ibaizabal errekek bertan bat egiten dutenez, euste-hormak eraiki beharko dituzte. Muntsaratzetik Atxondora bitartean Arangoiti ingurutik eta Ibaizabal ibaiaren eskuinaldetik joango da errepidea. Atxondon N-636 errepidea (baita Ibaizabal erreka ere) gainetik zeharkatuko dituen 275 metroko biaduktoa eraikiko dute eta baita 95 metro inguruko tunela ere. Azkenik, Memaia inguruko mendi hegaletik aurrera, Elorrioko saihesbidegaz lotuko dute errepidea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!