Metalgintzako beharginek beste bost greba egun deitu dituzte

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 8a, 19:14

FVEM patronalaren eta sindikatuen arteko negoziaketek huts egin dutela eta, metalgintzako sindikatuek lanuzteak egitera deitu dute azaroaren 28tik abenduaren 2ra.

CCOO, LAB, UGT, ESK, CGTeta CNT sindikatuek greba egun gehiago deitu dituzte Bizkaiko metalgintzan "akordio duin bat" lortzeari begira. Lanuzteak azaroaren 28tik abenduaren 2ra egingo dituzte, bost egunetan. Sindikatuek adierazi dutenez, "FVEM federazioak aintzat hartu behar du Bizkaiko metalgintzak oihuka eskatzen diona". Beharginak ez daude ados "negoziazioak garatzeko moduagaz", eta adierazi dute ez dituztela "erosmen ahalmenari loturiko galerak, ez eta lan baldintzetan atzerapausorik" onartuko. Hori horrela, sindikatuen iritziz, greba egunak "beharrezkoak" dira "FVEMi presio gehiago eragiteko" eta horrekin "Bizkaiko metalgintzaren sektorearentzako itun duin bat lortzeko". Urtea hasi zenetik honako greba sortak (uda hasierako hirurak eta udazken honetako hirurak) "oso arrakastatsuak" izan direla adierazi dute sindikatuek. 

Aipaturiko sindikatuek batera egingo dituzte mobilizazioak eta lanuzteak. ELA sindikatuak, baina, bere kabuz egingo ditu. ELAk mobilizazioak "gogorrarazteko" apustua egin du eta ez du "greba mugagabea" deitzea baztertu. Sindikatuaren esanetan, "patronalak ez du negozioazioa desblokeatzeko edukirik aurkeztu azkenengo hiru greba egunak eta gero".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!