Atzera bota dute Gernikako ospitalera bideratutako Durangaldeko herritarrei garraioa ipintzeko proposamena

Anboto 2021ko abe. 29a, 15:02

Elkarrekin Podemos - Ezker Batuak egin du eskaria, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proposamenarekin bat egin dute EH Bilduk eta PP-k. EAJk eta PSE-EEk aurka egin dute, eta, ondorioz, atzera bota dute eskaria.

Durangaldeko herritar ugari Galdakaoko ospitaletik Gernikakora bideratzen ari direla eta, Elkarrekin Podemos- Ezker Batuak Durangaldea eta Gernika lotuko dituen garraio sistema ipintzeko eskatu du gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Oposizioko beste bi taldeek, EH Bilduk eta Alderdi Popularrak, eskaria babestu dute, baina agintean dauden bi alderdiak ez dira eskariagaz bat etorri. EAJk eta PSE-EEk proposamenaren aurka egin dute.

Alderdi moreak erabakia kritikatu du. Ohar batean adierazi duenez, Osakidetzaren zerbitzuak "murriztu" egin dira azken urteotan, eta horrek egoera "jasanezin" bihurtzea ekarri du. Elkarrekin Podemos - Ezker Batuaren berbetan, "kontsulta eta proba mediko ugari desbideratu" dituzte Galdakaoko ospitaletik Gernikako ospitalera, eta horrenbestez, Durangaldeko herritarrek "eremutik urrunago eta garraio-lotura okerragoekin", joan behar izaten dute batetik bestera. "Zure udalerritik ospitale horretara joateko denbora neurriz kanpokoa da”, gaineratu dute.

Alderdi moreak kritikatu du Osakidetzaren zerbitzua "eskasa" dela Durangaldean. Jaurlaritzan agintean daudenei egotzi die "herritarrei nabarmen eragiten dien" erabakiak, gaiak "kontuan hartu gabe" hartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!