"Lurralde garapenaren eta enpleguaren alorrean eragile aktibo izateko konpromisoa" agertu zuen Bizkaiko EH Bilduk, atzo. Bizkaiko beste udal batzuetako hainbat ordezkarirekin batera, Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak ere parte hartu zuen atzoko aurkezpen horretan. Bizkaiko eskualdeetako lurralde garapenari eta enpleguari buruzko irakurketa egin zuten koalizioaren ordezkariek, Bilbon buruturiko agerraldi horretan.
Hain zuzen, lurralde garapenari eta enpleguari buruzko mintegia burutuko du, zapatu honetan, EH Bilduk: "Eskualdeetako egitura instituzionalak herrialde mailako proposamen estrategiko integral baten baitan kokatzea eta tokiko eragile sozial eta ekonomikoekin harreman zuzenean jarriko dituen lurralde eredu berri baten oinarriak aztertzea" izango dira ekainaren 7ko mintegi horren helburuak.
EH Bilduk atzoko agerraldian azpimarratu zuenez, langabeziaren goranzko joera mantentzen duen EAEko herrialde bakarra da Bizkaia, eta oinarrizko errenta jasotzen duten EAEko herritarren %67 bizkaitarra da.
"Merkatua auto-erregulatuko denaren esperantza inozoek gure politika publikoak baldintzatu dituzte", azpimarratu du koalizioak: "Beharrezko zaigun lidergotza politikoa artikulatzeko nagiak jota ikusten ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza".