Joan den urtean, 10.000 neska-mutil inguruk gozatu dute jostailuren batez, ekimen honen laguntzari esker.
Joan den urtean, 10.000 neska-mutil inguruk gozatu dute jostailuren batez, ekimen honen laguntzari esker.
Joan dira Gabonak, eta segurutik etxe askotan ez da erraza izango jostailuentzako tokia aurkitzea. Urtez urte erosi ohi dira umeentzat jostailuok, eta azkenean trastelekuetan edo armairuetan pilatzen dira, beste ume batzuk horien beharrean daudenean. Gainera, zakarretara botaz gero, horietako asko kutsagarriak be izan daitezke.
Baina badago arazoari irtenbidea ematen deutsan aukerarik: birziklatzea. Helburu ekologikoa eta soziala daukan ekimen iraunkorra planteatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Rezikleta Gizarte ekimeneko kooperatibak.
2009ko datuen arabera, martxan jarritako kanpainan 50.458 jostailu bildu dira. Zifra hori kontuan hartuz, ia 19 tona jostailu jaso dituztela azpimarratu dute Aldundiko ordezkariek. Horien guztien % 35 berriro erabili ahal izan dute, eta % 32 birziklatu dute. Beraz, kalkulua eginda, 10 jostailutik ia 7 berreskuratzea lortu dute.
Gizarte ekonomia
Bildu eta birziklatu ondoren, banaketa dator. Joan den urtean, 10.000 neska-mutil inguruk gozatu dute jostailuren batez, ekimen honen laguntzari esker. Gure etxeetan sobera daukagunari irtenbide egokia emanda, "jostailuak eskuratzeko aukera eman diegu ohiko merkatuan jostailuak erosteko zailtasunak edo ezina daukaten pertsonei eta, era berean, gizarte ekonomia sustatu dugu", Aldunditik bidalitako prentsa oharrean aipatzen denez. Ikuspegi ekologikotik, "jostailuak biltzeak hondakin gehiago berreskuratzea sustatzen du" euren iritziz, eta "gure ingurunea hobetzeko oraindino zer egin badagoela ikusarazten deutse herritarrei", dioenez. Horretaz gainera, oharrean adierazten dutenez, "onura handia dakarkio gizarteari berari".
Bazterketa gaindituz
Bestalde, lan-merkatura sartzeko zailtasunak dauzkaten pertsonei edo gizartean baztertuta geratzeko arriskua daukatenei lana emateko ere balio du ekimenak, egoera horietan dauden pertsonak arduratzen dira-eta jostailuak berreskuratzeaz. Jostailuok, berreskuratuta daudenean, bigarren eskuko merkatuan saltzen dira, eta gizarte-proiektuek dauzkaten beharrizanei erantzuteko ere erabiltzen dira.