Transformados Ibaizabal enpresak hauteskunde sindikalak "manipulatu" dituela salatu du CCOOk. Sindikatu horren hautagaia "bidegabeki" kaleratu dutela diote, "arrazoirik eman barik". Enpresako zuzendaritzak, aldiz, "errepresio sindikala isiltzeko" hauteskunde-mahaiak langile ohi horren hautagaitza onartzea erabaki zuela dio, eta beharginek erabaki dutela nork ordezkatu. UGTk aurkeztutako zerrendak irabazi du, CCOOk dinonez, "gerentearen senide batek gidatutako zerrendak". CCOOk aldeko lau boto eta kontrako 10 jaso ei zituen, zuzendaritzak ohar baten azaldu duenez. CCOOren arabera, "kaleratzeaz gainera, hauteskunde prozesua indarkeriak eta zuzendaritzak aurkeztutako zerrenda babesteko presioek markatu" dute. Salatu dutenez, "langileen lan baldintzak hobetzeko ildo erreibindikatiboa erakusteagatik bakarrik", ordezkari sindikalekiko "jazarpena" eta "presio kanpainak" ohikoak dira. Zuzendaritzak be "jazarpena" salatu du: "Ez bakarrik gerentearekikoa; langileekikoa be bai. Euren zein gertuko senideen etxeetan pintadak eta paskinak agertu dira, faltsukeria salatuz". "Jazarpen" hori eta bestelako "ekintza bandalikoak" ere salatu ditu enpresak Ertzaintzan. CCOOk salaketa aurkeztu du epaileek kaleratzea "balio bako" deklaratzeko.