Komertzio txikien “onurak” islatu guran

Anboto 2009ko aza. 16a, 11:27

Dendak merkatari elkarteak II. Film Laburren Lehiaketa jarri du martxan. Azaroaren 23a bitartean helarazi ahal izango dira ikus-entzunezkoak.

Sektorearen erakargarritasuna erakutsi guran II. Film Laburren Lehiaketa antolatu du Dendak merkatari elkarteak. Helburuak bi dira: komertzio txiki eta ertainen abantailak ezagutaraztea, batetik, eta, bestetik, bideokreazioa bultzatzea: "Kalean bizitza mantentzearen alde, kalitatearekiko konfinantzaren eta tratu pertsonalizatuaren aldeko apustua da merkataritza txikiari laguntzea". Herritarrek mezu hori ulertzea gura dute, eta “uriko komertzioaren irudien bitartez egitea da modurik onena".

Uriko komertzio txikien "onurak" eta herriaren bizitzan daukaten eragina ondoen islatzen dituen filma sarituko dute: Tokiko komertzioetan erabiltzeko 1.000 euroko erosketa-balea lortuko du; ikusleek aukeratutakoak, berriz, 500 eurokoa. Hilaren 24tik aurrera eskainiko dituzte film laburrak —gehienez, 45 segundukoak— 10 tabernatan: Anboto, Katazka, Maite, Pausta, Pol-Pol, Rubgy, Alzaa, Misarbe, Lurbi eta Zahartzu-Karreton jarritako kutxatilatan bozkatuko da, 100 euroko bost erosketa-txartelen zozketan parte hartuz.

Azaroaren 23a arte helerazi daitezke filmak. Sariak abenduan emango dituzte, elkartearen 25. urteurren ekitaldien baitan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!