Urtez urte mantendu den ohitura da, azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean, hilerrira joatea. Oraindino asko eta asko dira hildako senide edo lagunak gogoan hartzeko kanposantura hurreratutako bisitariak. Egia da, baina, bakoitzaren sinismen eta gurarien arabera hartu ohi ditugula gogoan hildakoak. Horretara, gorpua lurperatu baino errausketa gurago dutenak ere asko dira, esaterako.
Ez ohiko itxura
Hala ere, oraindino hilerrietan igarri ohi da Domu Santu, santu guztien omenezko jai kristaua. Jendez ez ezik, lorez bete ohi dira hilerriak, ez ohiko itxura koloretsuagoa erakutsiz. Atontze-lan horretarako aurreko egun hauek aprobetxatzen dituzte gehienek. Era berean, askok Domu Santu aurreko egun horiek aprobetxatu ohi dituzte baita norberaren hildakoak gogoan hartzeko eta jendetza saihesteko ere. Urteroko hitzordua ohi da azaroaren lehenengoak dakarrena: etxekoen eta lagunen hilarriari bisita lehenengo, eta, ondoren, gainerakoei begiratua.