Gaur arratsaldeko pala partiduarekin ekingo diote, 17:30ean, urriko jaietako egitarauari. Txupinazoa 19:00etan jaurtiko dute jaiei hasiera ofiziala emanez.
Ordu berean, Alex Txikon mendizaleak ikus-entzunezkoa eskainiko du Orraittio euskara elkarteak antolatuta. Gaueko 21:30ean, Diario Vasco Txapelketa izango da jokoan: Onsalo-Aldape Armendariz-Gorrotxategiren aurka eta Olaetxea-Pazos Mendinueta-Aretxabaletaren kontra arituko dira. Eguna behar den moduan amaitzeko, Bide Batez taldeak erromeria giroa jarriko du plazan.
Zapatu goizeko eskolarteko futbito partiduan Mallabiak Zaldibar izango du aurrez aurre. Ondoren, 12:00etan, Emakumezko Saskibaloi Eskola antolatuko dute eskolako frontoian. Arratsaldean mus, tute, briska eta asto txapelketa jokatuko dituzte. Arratsaldeko 17:00etan Kiki eta Moko pailazoek umeei zuzendutako saioa eskainiko dute frontoian. Gaueko 22:00etan, Deabruak Teilatuetan, Leihotikan, Disorders eta Zea Mays taldeek zuzenekoa eskainiko dute. Goizaldeko 05:00etan, indarrak berritzeko txorizo pintxoak banatuko dituzte elkartean.
Tortilla txapelketa antolatuko dute domeka eguerdian plazan, eta 17:00etan Balkoitik balkoira kantatuko dute Arkaitz Estiballes, Xabier Paya eta Etxahun Lekue bertsolariek.