Miguel Moyano, Erik del Rio, Iosu Azpiri eta Unai Bergaretxe izan dira istorio honetako protagonistak. Urtebetez egon ziren aurrelanean, laguntzak lortuz eta planifikazioan murgilduta. Uztailean hasi zen euren ametsa egi bihurtzen, Ermutik Bartzelonarantza atera zirenean. Katalunian zegoen ipinita irteera ofiziala; 100 talde inguru abiatu ziren handik.
Bi kotxetan egin zuten espedizioa: 1.100 zk-ko Peugeot 106 markako bi, hain zuzen be. Potentzia gutxiko ibilgailua da honakoa, baina helburua ailegatzea zen, astiro bazen be.
Lasterketak izaera benefikoa dauka, eta parte hartzaileek kotxea Mongolian uzten dute laguntza moduan.
Herrialdez herrialde
Mongoliarako bidea ez da erraza izan lau gazte hauentzako. Hainbat herrialde pasa behar izan dituzte, eta kulturak eta orografiak eragin handia izan dute bidaian. Beraz, kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute, baina gauza ezezagunak ezustekoak emoten ditu sarritan. Lehenengo etapan Turkiaraino joan ziren, Europa zeharkatuz. Hurrengo pausu garrantzitsua Iran zapaltzea zen, abenturaren erdibidean. Hortik aurrera Turkmenistan, Uzbekistan, Kazajstan, Kyrgistan eta Errusia igaro zituzten, Mongolian sartu baino lehen.
Kideek esan digutenez, “Mongolian hasi zen benetako lasterketa”. Izan ere, herrialde horretan ez dago ia errepiderik, eta horrek zailago egin zuen egitasmoa. Gainera, herrialdeen arteko mugak ere oztopo izan ziren; denbora asko ematen zuten bertan normalean.
Gatxa, baina gustura
Beroa, jatekoa, hizkuntza, arazo mekanikoak... faktore ugari izan zituzten kontra Mallabi eta Ermuko gazte hauek. Dena dela, orokorrean “ondo” joan zela argitu digute, eta oso pozik dagoz egindakoaz.
Saltoka amaitu zuten proba Ermu-Ulan-Mallabia taldekoek. Baina, erronka bete arren, laister beste abentura baten ikusiko ditugu, segurutik.