Momoitio: Erdi Aroko hilerria, gure historiaren sehaska

Anboto 2009ko eka. 26a, 14:04

Garaiko Momoition, San Juan baselizaren inguruan, Erdi Aroko hilerria berreskuratu dute. Hainbat jende eta erakundek urteetan egindako lanaren emaitza da, atzera begiratu eta gure historia ulertzeko lekua. ‘Aostarri proiektua’ izenez bataiatu dutenak zeresana emango du aurrerantzean ere.

Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak bultzatu dute egitasmoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Azken urtean lanak aurreratu dituzte, eta aste honetan bertan aurkeztu dute jendaurrean.

Gertaera hau ezagutzeko 1982. urtera jo behar dugu. Iñaki Garcia Camino arkeologoaren zuzendaritzapean, gazte talde batek indusketa lana hasi zuen Momoition. IX. eta X. mendeetan bertan bizi ziren herritarren hilobiek argia ikusi zuten, eta gaurdainoko bidea zabaldu zen. 1985a arte izan ziren bertan Garcia Camino eta bere laguntzaileak. Ikerketa eta analisien ondoren, hilobien estalkiak berreskuratu eta sasoi haretan zeuden moduan ipini zituzten baselizaren magalean. Indusketetan agertutako hilarrien zatiak ere berregin zituzten, Bernat Vidal harginaren eskutik; hilerriko jatorrizko lekuetan kokatuz.



Momoition garatutako indusketa hauek erreferentzia bihurtu dira Europan, eta emaitzak oinarrizkoak dira Bizkaia eta Euskal Herriko Erdi Aroaren historia ezagutu edo arakatzeko. Zelan ez, Durangaldeko historian sakontzeko ere balio dute: sasoi hartako biztanleen ohiturak, bizimodua, izenak, kultura...

Momoitioko biztanleak

II. mendean biztanle multzo bat kokatu zen Momoition, eta euskal kostaldetik heldutako erromatar munduko material asko ekarri zituzten bertako kulturara. Uste denez, Tromoitioko gotorlekua utzi ondoren egokitu ziren, gaur egun Garai dagoen lekua, hain zuzen be. IX. mendean, Momoitio ingurua barriro populatu zuten. Biztanle berriek eremua luberritu zuten; etxebizitzak eraiki, eliza egin eta hilerria mugatu zuten.  Etxebizitzak etxola zirkular edo eliptikoak ziren, egurrezkoak eta buztinez estaliak. Haien inguruan beste batzuk eraiki zituzten: aletegiak, kortak, tailerrak... Hango biztanleek ganadua zaintzen zuten; batez ere, behiak. Inguruko lurrak lantzen zituzten barazkiak, sagarrondoak eta zerealak erein eta landatuz, besteak beste. Bazekiten hargin-lana egiten eta ez zeuden isolatuta: hainbat aztarnak erakusten dutenez, penintsulako iparraldeko beste herri batzuekin hartu-emanetan zeuden. Bestalde, gaur egungo bizimoduaz alderatuz gazterik hil ohi ziren, euren bizi-itxaropena 40 urtekoa zen-eta.

Erlijioa oinarri

Eliza zen, mende haietan, herrixkako zentro erlijiosoa, baina baita zentro soziala ere. Harriz eta zutabez eginda zegoen; teilatua, aldiz, egurrez eta material begetalez. Inguruan hilerria kokatu zuten. Hilobiak, normalean, banakakoak izaten ziren eta hildakoa ahoz gora jartzen zuten, ekialdera begira. Lurrean egiten ziren hilobiok, ondoren, harlauza lodi batzuekin estaliz.

Harri horiek zulo batzuk zeuzkaten, eta zulo horietatik bertan egiten ziren erritu-suetako ikatzak sartzen zituzten. Hileta horiek gauza garrantzitsu bat erakusten dute: kristautasunaren aurreko tradizioek irauten zutela, hain zuzen ere. Horrez gainera, lepokoen aleak edo animalien haginak jartzen zituzten hildakoen aldamenean. Horrek guztiak halan izanda ere, Momoitioko biztanlegoa kristaua zen.

‘Aostarri proiektua’ izena ez da kasualitatez aukeraturikoa. Izan ere, indusketei esker dakigu sasoi haretako biztanle bat Aostarri deitzen zela. Hildakoak lurperatzerakoan, hilobiak seinalatzeko asmoz hilarriak ipintzen zituzten gainean, eta hilarri horiek izena eta kondizio soziala eramaten zuten zizelkatuta. Aostarrigaz batera, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni izenekoak bazirela jakin dugu azterketei eskerrak. Normalean, ezelako hornidurarik barik lurperatzen zituzten herritarrak. Baina indusketen bitartez jakin da horietako hiruk irudi astralekin apaindutako eraztunak zeuzkatela. Aurkikuntza esanguratsua, beraz, zalantzarik barik.

Hala ere, esan daiteke lana guztiz amaitu barik dagoela. Izan ere, inguruan agertu daitezkeen hilobiak bertara lekualdatzeko intentzioa agertu dute proiektuaren bultzatzaileek. Ematen duenez, Momoitio inguruko basoetan agertu omen da aztarnarik. Garaiko Momoitioko baseliza inguruak itxura berria dauka gaurtik aurrera. Atsedenerako aukeraz gainera, gure historiarekizita dugu Oizen magalean.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!