Azarotik hona %36 igo da langabezia Durangaldean, 15 puntu Bizkaiaren gainetik. Gau egun, 5.019 langabe dagoz eskualdean, Bizkaiko Aldundiaren arabera. Horren aurrean, Durango, Iurreta, Mañaria eta Zaldibarko udalek, Amankomunazgoarekin batera, Aldundira jo dute, gainerako udalei ere zabaldutako Enplegurako Eskualde Plana abiatzeko: 50 lanpostu sortu gura dituzte.
Aurretik industria arloan jardundako 25-44 urte arteko gizona: hori da Durangaldean kolektibo kaltetuaren profila (langabetuen %60), krisi ekonomikoaren eragina eta eskaintza eta eskaria aztertzeko diagnostikoaren arabera. Horretan eragin gura dute, “beste sektoreak baztertu gabe”, Amankomunazgoko Enplegu eta Formazio Batzordeko buru Iñaki Totorikaguenaren berbetan.
Bost lan ildo
Horretara, epe laburrean Behargintzako ikastaroak indartu gura dituzte, merkatuaren beharrak aintzat hartuz; eta birkualifikatze eta birprofesionalizatze planetan inbertitu, langabetuei begira. Presentzialak diren 11 ikastaro eta 25 e-learning kurtso sortuko dituzte. Bestalde, udalek Bizkaiko Enpleguaren Zerbitzu Publikoan izena emandako langabetuak kontratatzeko —gutxienez, sei hile— laguntza bideratuko du Aldundiak. Neurri biotara 300.000 euro bideratuko ditu Aldundiak. Lan poltsa irailaren 15ean zabalduko da.
Epe ertainean, krisiari irtenbideak emateko eskualdeko eragileekin jardun, lan-eskaintza eta eskaria aztertu, eta enpresa berriak sortzea eta sektore berrietako auto-enplegua bultzatu gura dute.
Aldundiak langabetuen trebakuntzara, enpresen sendotzea,
iraunaraztea eta berrien sorrera laguntzera, eta, kontratazioak
bideratzera —25 urtetik beherakoena eta 45 urtetik gorakoena—9 milioi
euro bideratuko ditu, Eusebio Larrazabal Enplegu eta Formazio
diputatuak dinonez.
Horren barruan abiatu gura dute, parte hartu gura duten udalek eta Amankomunazgoak Aldundiarekin garatzekoa den plana.