San Joan sutan erreta keak eraman ditu espiritu txarrak

Anboto 2009ko eka. 24a, 11:12

Atzo, San Joan bezperako gauean, han-hemengo orban argitsuen distiraz jantzi zitzaigun Durangaldeko paisaia. Suaren epelean tradizioari lotutako hainbat ekitaldi egin zituzten herri askotan.

Atzo, San Joan bezperako gauean, han-hemengo orban argitsuen distiraz jantzi zitzaigun Durangaldeko paisaia. Suaren epelean tradizioari lotutako  hainbat ekitaldi egin zituzten herri askotan.

Abadiñon, Kriskitin dantza taldeak Akelarrea antzeztu zuen Gerediagako Salbadore ermitaren inguruan, Hamabi Harri auzo elkarteak antolatuta. Iaz, eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera utzi zuten ekitaldia. Atzo, izarren babesean, arazo barik piztu zuten sua eta jente asko batu zen Akelarrea ikustera.

Durangarrak ere kalera irten ziren. Herria auzo elkarteak argitu zituen Pagasarri kaleko bazterrak. Suak zeru baltzari eskainitako dantza primitibo, boteretsu eta aurreikusi ezinak abileziaz musikatu zituzten hainbat gaztek, gitarra, flauta eta abarrekin.

Elorrion txalapartak hartu zuen ardura hori. Suzko zezena eta umeentzako jolasak ere egon ziren.  Mañaria, Axpe, Berriz, Iurreta eta Garain ere suak etorkizuneko desioen testigu izan ziren.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!