1989an eman zituen lehenengo urratsak Berbaro Elkarteak. Durangoko euskal hiztunen kopuruak eta euskararen erabilerak arduratuta, bildu eta lanean hasi zen euskaltzale talde bat, zerbait egin behar zelakoan. Urteetan egindako lanaren ondorioz, Berbaro erreferentzia garrantzitsua da herriko euskalgintzan.
Euskararen aldeko militanteek, arloko ez-profesionalek, osatzen zuten elkartea, lan-talde anitzetan banatuta. Pertsona hauen motibazio eta intuiziotik sortzen ziren ideia eta ekitaldiak, eta liberatuen funtzioa eurei bidea erraztea zen. Denbora gutxiren buruan, Berbarok 300 bazkidetik gora zituen, eta 60 bat ziren lan-taldetan parte hartzen zutenak. Egoitza, dinamizatzailea, udalarekin harremana eta abar ipini ziren martxan.
Elkartearen zabalpena
Urteak aurrera joan ahala, Berbarok bi premia nagusi zituen aurrez aurre: euskaltzaleentzako bilgunea eta diru-iturri propioak handitzea. Hausnarketa horretatik jaio zen Berbaro Taberna, 1994an. Proiektu euskaltzale bat bideragarria zela erakutsi zuen tabernak, eta kudeaketan ere esperientzia handia eman zuen. Komunikazioa, kultura eta gazte arloa ziren elkartearen orduko lehentasunak, eta horretan ipini zuten indar guztia. Horren adibide da Eraz aldizkaria, gerora gaur egungo Anboto hau izango zena.
1993an argitaratu zen lehenengoz Durangaldeko euskarazko aldizkaria. 3.000 etxetara ailegatzen zen Eraz, eta, guztira, 9.000 irakurle izango ziren. Baina eskualdean 30.000 bat lagun ziren euskaraz irakurtzeko gai, eta elkartekoen ustez “ez zen nahikoa”. Irakurle kopurua handitu eta ekonomikoki bideragarriagoa izateko asmoz, komunikabidea eraldatu zuten: Durangaldeko gainerako euskara elkarteekin batu eta Anboto astekaria sortu zuten. Gaur egun, 8.000 buzoi baino gehiogotara ailegatzen da Anboto barikuro, 24.000 irakurlerengana helduz. Hortxe daude Anboto Irratia eta www.anboto.org webgunea ere.
Komunikazioagaz jarraituz, itzulpengintza eta diseinu zerbitzuak ipini ziren martxan. Itzulpengintza zerbitzua Udalean barneratu zen, eta diseinuarenak bizirik dirau Di-Da kooperatibarekin.
Arloz arlo
Berbaroren beste lan-lerro nagusi bat kulturgintza izan da. Batez ere, taberna eta Plateruena izan dira ekitaldien kabi, horra mugatu ez arren. 2004an zabaldu zituen ateak Plateruenak, 800 lagunen ekarpen ekonomikoa, enpresa zein erakunde batzuen laguntza eta jente askoren “konta ezineko” lan orduei esker. Berbarok, baina, zuzenean ere eusten dio: adibide argiena Haur Literatur Aretoa da. Bertan, Durango eta inguruetako ume eta gaztetxoek literaturaren hainbat eremu ezagutzen dituzte, modu atseginean. Horrez gain, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainan adin guztietako jendeak parte hartu dezake. Bestalde, eskualdeko elkarteekin elkarlanean kultur zirkuituak bultzatzen ditu Berbarok. Euskarazko film laburren zirkuituan parte hartzen du, ikastaro laburrak egiten ditu eta klasiko bihurtu den urteko azken bertso saioari arrakastaz eusten dio.
Ume eta gazte arloari dagokionez, lanketa berezia egin izan du elkarteak. Helburua, ume eta gazteei euskaraz gozatzeko aukerak eskaintzea da. Urtean zehar umeei zuzendutako ludoteka bi zuzentzen ditu Berbarok, tartean, Plateruenean gauzatzen den Olgetan ludoteka. Udalekuak, lehiaketak eta sasoian sasoiko jaialdiak ere egiten ditu.
Ezin alde batera utzi, baina, euskalgintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean egindakoak. Berbarok Topaguneko zuzendaritzan eta batzordeetan parte hartzen du, Durangoko euskaltegi eta Udalagaz batera Berbalagun egitasmoaren parte da eta Durangoko Udaleko euskara batzordean parte hartzen du, besteak beste. Honekin lotuta, hainbat sentsibilizazio kanpainatan ere parte hartu du azken urteotan: errenta aitorpena euskaraz egitekoan, merkataritzan euskararen erabilera areagotzekoan, eskolan euskalduntzekoan…
20 urte bete ditu aurten Berbaro elkarteak, euskaraz bizi gura dutenen bilguneak. Data esanguratsua da, egindakoa baloratu eta gerora begira hausnartzeko.