Ez dago argi oraindik zer jokalari izango diren Mestallako zelaian, baina badirudi Amorebieta eta Koikilik badaukatela aukera. Dena dela, talde osoak eginiko lanari esker heldu da Athletic Valentziako finalera, eta irabaztekotan ere berdin izango da.
Bide gogorra izan dute lehoiek Kopa txapelketan honaino ailegatu arte. Finalerdietan bota zuten azken pareta, San Mamesen ospatutako partidu hunkigarri batean Sevilla gaindituta. Koikilik dion moduan, “garaipena jadanik eskuratuta dago”, hein handi batean. Bere ustez, futbola maitatzen hasten diren gaztetxoak “Athletickekoak izango dira”, azkenaldian “denak Bartzelona edo Real Madrilera batzen dira-eta”.
Bartzelona aurrean
Asko egin du Athleticek, baina oraindik gehiago egin dezake. Bartzelona ahalguztiduna izango dute aurrez aurre finalean Caparrosen mutilek, eta argi dago partidu zaila izango dela. Otxandiarraren hitzetan, “badakigu Bartzelona munduko talde onenetarikoa dela, baina berari baino geure buruari begiratu behar diogu”. Etxeitaren iritziz, “partiduak 90 minutu dauzka eta edozer gertatu liteke”. “Intentsitatez” jokatu behar dutela azpimarratu digu zornotzarrak.
Fernando Amorebietaren esperientzia eta indarrak paper garrantzitsua jokatu dezake finalean. Giroa bero dago aspaldi, baina eurak oraindik “lasai” dagozela azaldu digu Lezamako instalazioetan. Enekok harmailetatik edo aulkitik ikusiko du, segurutik, norgehiagoka. Normala da, hilabete da-eta debuta egin zuela. Atzean jokatzen du durangarrak, eta bere arabera “jende ona dago postu horretan, baina gogor entrenatzen saiatuko naiz”; debuta egin zuenean “pozik” agertu zen prentsaren aurrean.
Emozino handia
Athletic sentimenduek mugitzen dute askotan, eta asteazkenean ere horixe gertatuko da. Izan ere, egindakoa “handia” da jokalarien ustez, baina jendeak ere ilusio handia ipini du partidu horretan. Ustaritzek azaldu duenez, “emozioa sortzen du balkoietan hainbeste bandera ikusteak”. 25 urte eta gero, “hau lortzea itzela da”, abadiñarraren hitzetan.
Athleticen zaleek hain sutsuki bizi badute finalaren etorrera, zer esanik ez gure protagonisten ingurukoek. Etxeitak kontatu digunez, “25 urte finalik jokatu barik egon ondoren, ni bertan egoteak ilusionatu egin ditu familiakoak”.
Aste honetan bete dira 25 urte Bilboko taldeak azken Kopa irabazi zuenetik. Urte asko igaro dira, eta azken boladan ezinezkoa ematen zuen horrelako lorpen bat eskuratzeak. Athleticek bere filosofiari eusten dio, etxeko gazteekin taldea eraikiz. Gazte hauek, tartean gure eskualdekoek, badaukate ahala aurrerantzean urte emankorrak izateko. Zorterik onena izan dezatela Valentzian.