Herritarren partaidetza, herrietako arazoak konpondu guran

Anboto 2009ko api. 17a, 11:52

Aurtengo foroak abiatu dira Durangaldean; ingurumenarekin lotutako hainbat gai izan dituzte berbagai, besteak beste.

Tokiko Agenda 21eko foroak martxan ipini dituzte Durangaldean aurten ere, herritarren partaidetzaren bidez arazo edo gai konkretuen inguruan hausnartzeko. Urtean zehar bi edo hiru saio egingo dituzte herriz herri, eta bertatik proposamenak aterako dira gero udalek horiekin aurrera egin ala ez erabakitzeko.

Mugikortasuna, irisgarritasuna, gizarte ekintzak eta ingurumenarekin lotutako gaiak aztertu ohi dira foroetan, eta urte hasierakoetan proposamenak egiten dira. Bigarrenean, udalei proposatutako ekintzen garapena zelan doan ikusten da, eta azkenengoan egindakoa baloratu eta hurrengo urteko erronkei begira ipini ohi dira.

Dagoeneko burutu dira foro batzuk, eta, eskualde mailan baloratuz, aurreko urtekoekin aldaketak igarri dituzte antolatzaileek, Durangaldeko Udaltalde 21ekoen arabera. Hain zuzen ere, gai orokorretatik zehatzetarako pausoa eman da: lehen mugikortasuna edo airearen kalitatea bazen, orain errepide bat edo erreka bat izan dute berbagai, esate baterako. Urte honetarako zehaztu dituzten lehentasunetan islatzen da hori.

2009rako lehentasunak

Gune berdeen eta bidegorrien garrantzia azpimarratu dute foroetako parte-hartzaileek, Iurretan adibidez. Arriandi auzoan gune berdeak sortzearen beharra ikusi dute. N-634 errepideari alternatibak bilatzea ere proposatu dute herritarrek Iurretan.

Goi-tentsioko kableen lurperatzea egoki ikusi dute herri batzuetan, eta ur-araztegien egoera hobetzea ere bai.

Mugikortasunari dagokionez, kamioientzako bide bereziak atontzea, biribilguneak egitea eta kale batzuk peatonalizatzea hobesten dute, orokorrean, foroetako partaideek.

Parte-hartzearen bila

Durangaldeko Udaltalde 21ekoek adierazi digutenez, “jendeak parte-hartzean sakondu du”. Saioetan aurrera egin ahala, bere funtzioetan hobetu eta “parte hartzen ikasi du”.
Dena dela, oraindik herritar gehiago inplikatzea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako foroak erakargarriagoak egin gura dituzte. Herritarren partaidetza “oso garrantzitsua da”, Udaltalde 21ekoen iritziz. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!