Korrikari ongietorria egingo diogu Durangaldean

Anboto 2009ko api. 3a, 11:45

Bihar helduko da Korrika Durangaldera. AEK-k antolatzen duen ekimen honek 16. edizioa du aurtengoa, eta kanpotik etorrita euskaldundu direnak eta euskara galdu ondoren berreskuratu dutenak omenduko ditu. Domekan amaituko da Gasteizen. Harako bidean gure eskualdea zeharkatuko du.

Martxoaren 26an hasi zen 16. Korrika Tuteran. Euskal Herri osoko euskaltzaleak bere inguruan batu ondoren, domekan amaituko da Gasteizen. Oraindik, baina, baditu kilometro batzuk egiteko aurretik; horietako batzuk Durangaldean. Urte birik behin ospatzen den ekimen honek parte-hartzaileen hauspoak indartuko ditu, eta euskararen hauspoa ere bai: hori da, behintzat, helburua.

Bihar egingo diogu Korrikari ongietorria, beraz, Durangaldean. Hain zuzen ere, horixe da aurtengo edizioarentzat AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) aukeratu duen lema: Ongi etorri. Antolatzaileen arabera, Euskal Herrian ondo hartu ohi ditugu kanpotik herrira datozenak, eta, eredu horri jarraituz, era berean hartu gura dituzte euskararen alde lan egin gura dutenak. Norbanako, erakunde eta administrazio guztiei “Korrikan azaleratuko den” nahiari kasu egiteko deia luzatu gura die AEK-k, “euskarak, Korrikak legez, pausoa arin eta gelditu barik egin behar duelako aurrera”. Horretarako, baina, denon parte-hartzea derrigorrezkoa dela diote: “Korrikan modura, lekukoa lurrera jausi ez dadin, esku guztiak dira beharrezko”.

Omenduak

16. edizio honetan omenduak izango direnek, hain zuzen ere, lema edo mezuarekin lotura daukate. Izan ere, urteetan zehar hainbat eta hainbat izan dira Euskal Herrira bizitzera etorri direnak, eta horietako askok euskara ikasi eta zabaldu dute ingurukoen artean. AEK-ren ustez, “euskal herritarron ongietorria ondo baino hobeto hartuz eta ulertuz, goraipatzeko moduko ekarpena egin diote gure hizkuntzari”.

Omenaldi horretan, hainbat arrazoi tarteko euskara galdu eta berreskuratzeko ikasi duten guztiak ere sartzen dira. Antolatzaileek “eskerrik zintzoena” helarazi gura diete guztiei “omenaldi xume” horregaz.

Durangaldea ere korrika

Bihar arratsaldean sartuko da euskararen aldeko aldarria eskualdean. 17:00etan, puntu- puntuan gauzak ondo badoaz, Zornotzara ailegatuko da Korrika. Bertan kilometro batzuk egin ondoren, Iurretarako norabidea hartuko du, Arriandin 18:00ak izateko gutxi falta dela sartzeko.  Gero Durango, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar eta Mallabitik igaroko da; dagoeneko gaua denean itziko du Durangaldea.

Aipatzekoa da eskualdean lekukoa hartuko duten elkarte edo erakundeen kopurua. Herriz herri, izaera askotako taldeek lagunduko dute ibilbidean aurrera egiten; guztira, 80 elkartetik gora izango dira Korrikaren lekukoa eramaten Durangaldean.

Bestalde, ezin ahaztu Korrika Txikia ere. Ekimen hori herrietako ikastetxeekin antolatzen da, eta haurrak izaten dira bertan protagonista. Gaur eguerdian ospatu dira Durangaldean Korrika berezi horiek: Durangon 15:00etan hasi da Kurutziagako iturrian, 800 umeren parte-hartzeagaz; Elorrion 300 ume izan dira; Abadiñon 430, Zelaieta eta Matienako eskolak batera zenbatuta; Berrizen 300 inguru; Zaldibarren be hainbat egon dira eskola barruan. Azken honetan bihar aterako dira kalera berriro, Korrika etorri baino lehenago. Denera, Korrika Txikietan 2.000 haurrek parte hartuko dute, AEKren arabera.

IBILBIDEA
Iurreta, 17:58an Guardiatxun 18:17an Maspen
Durango, 18:21ean zubian
Abadiño, 18:57an Matienan 19:15ean Zelaietan
Atxondo, 19:32an Artian
Elorrio, 19:48an herri mugan 20:05ean bidegurutzean
Berriz, 20:46an Gaztetxe parean
Zaldibar, 21:06an sarreran
Mallabia, 21:34an Areition 21:44an frontoian

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!