Greba orokorra deitu dute maiatzaren 21erako

Anboto 2009ko api. 1a, 10:21

Maiatzaren 21ean Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deia egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk. UGT-Euskadiren ustean "frontismoa sendotzen" du.

Maiatzaren 21ean Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deia egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk. UGT-Euskadiren ustean "frontismoa sendotzen" du.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek azaldu dutenez, “krisi ekonomikoa dela-eta enplegu suntsiketa, patronalaren xantaia, gizarte eta aurrekontu politikarik eza, eta krisiari aurre egiteko Euskal Herri mailako tresnak” dira  deialdiaren arrazoi nagusiak.

Nabarmendu dutenez, “lan munduak erabateko erantzuna eman behar dio krisiari, langileak dira-eta biktima nagusi, egoera sozial eta ekonomiko zail horren sortzaile izan gabe”. Diotenez, “patronala krisiaz baliatu da, eta lan-taldeen egituretan doikuntza zorrotza egin gura dute, etekinak orain eta gero segurtatzearren. Lan-taldeak txikiagoak izango dira, atomizatuagoak eta babesgabekoak”.

Hego Euskal Herriko administrazio publikoen politikari “guztiz liberala” deritze: “kapitalaren eta enpresarien mesedetan eta egoera ahulean dauden taldeen behar eta lehentasunen kaltetan”. Erabakiguneak aldatzea ere eskatu dute: “Politika ekonomiko, sozial eta laboralak Euskal Herrian erabakitzea, bertako langileen interesen zerbitzura”.

UGT-Euskadiren ustez, “galdetu eta informaziorik eskatu gabe” egindako deiarekin “frontismoa sendotzen” da. “Guztiz arduragabekoa” ei da “zatiketa eta langileen indargabetzea oinarri duen estrategiaren fruitu” den greba.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!