Bonbardaketak gogoan Durangon eta Elorrion

Anboto 2009ko mar. 27a, 12:23

Martxoaren 31: Durango zein durangarrentzat ahanzturan galdu ezin daitekeen egun beltza. 72 urte dira 1936ko martxoaren 31n, Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek uria bonbardatu zutela, eta hori gogoan hartuz hainbat ekitaldi eratu dira datozen egunotarako. Faxisten hegazkinen jomuga, ordea, ez zen Durango bakarrik. Egun eta ordu berean bonbardatu zuten Elorrio, eta aurten gomuta ekitaldiak antolatu dituzte.

Martxoaren 31: Durango zein durangarrentzat ahanzturan galdu ezin daitekeen egun beltza. 72 urte dira  1936ko martxoaren 31n, Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek uria bonbardatu zutela, eta hori  gogoan hartuz hainbat ekitaldi eratu dira datozen egunotarako.  Faxisten hegazkinen jomuga, ordea, ez zen Durango bakarrik. Egun eta ordu berean bonbardatu zuten Elorrio, eta aurten gomuta ekitaldiak antolatu dituzte.

Durangon 08:30 inguruan entzun zituzten lehenengo bonba-hotsak. Hegaldi bakarrean, lau tona leherkari jaurti zituzten goiz-hartan. Aire-alarmek berriro jo zuten arratsaldean; baita Elorrion ere. Soriatik zetozen zortzi abioik erasotu zuten Durango, eta beste hiruk Elorrio. Arratsalde hartan, 7.840 kilo lehergailu jaurti zituzten. Martxoaren 31 haren eta hurrengo egunetako bonbardaketen ondorioz, 336 pertsona hil ziren Durangon, eta zenbaezinak izan ziren kalte materialak. Elorrion10 lagun hil ziren; datu hori parrokiako hildakoen liburuko datuetan oinarrituta dago. Hala ere, seguruenik gehiago hilko ziren. Berrio-otxoa kalea eta elizako atzealdea izan ziren zonalde kaltetuenak.



Durangon bonbardaketan hildako gizon-emakumeak gogoratuz ‘Martxoak 31: Bakea eta Adiskidetzea’ idatziko dute lorekin domekan, eta astelehenean, berriz, puzzle erraldoia egingo du hainbat eskolaumek, gertakari haiek hurreratu nahian.

Omenaldia hilerrian


Martxoaren 31n, Gerra Zibilaren biktimei egingo diete omenaldia hilerrian. Ekitaldi hori “gaitzetsi” du Durango 1936 kultur elkarteak. “Ulertezina” da, diote, “askatasunaren alde borrokatzeagaitik fusilatu eta desagertarazitakoak eta horiek erail zituzten faxistak batera omentzea”; “berrogeitaka urtetan faxismoa jartzearren hildakoak era esklusiboan omendu diren tokian”, gaineratu dute.

Martxoaren 31n Andra Maria elizpean Gerediaga, Berbaro eta Kriskitinek eratutako oroimen ekitaldian parte hartuko du Durango 1936k. Egunean bertan argazki erakusketa ere egongo da, egun osoz, Andra Marian; bezperan, berriz, Los niños de Rusia film dokumentala eskainiko dute, gerrako ume horiek gogora ekarrita. Euskal Herritik Errusiara joan behar izan zuten ume haien bizipenak erakutsiko dira.

Omenaldia Elorrion

Elorrion ere lehenengoz gomuta ekitaldiak antolatu dituzte Udalak, Gerediaga elkarteak eta beste hainbat elkartek elkarlanean. Domekan omenaldi instituzionala egingo zaie sasoi hura bizi izan zutenei, Udaletxeko udalbatzar aretoan. Helburua “egun beltz hura gogoratzea da, eta haren bueltan elkartzea”, dio Niko Moreno alkateak. “Azkenean nahi dutena errekonozimendua  da, eskerrik asko bat”, azaldu du Jon Irazabal Gerediagako kideak. Herri osoari gonbita luzatu diete ekitaldian parte hartzeko.

Iturrin Durangaldeko gerra zibilaren inguruko erakusketa zabaldu dute, gaurtik apirilaren 6ra. Astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; domeketan, 12:00etatik 14:00etara, eta, zapatuetan, goizez zein arratsaldez. Azkenik, martxoaren 31n 8:45ean, gerra garaiko alarmak joko dituzte bonbardaketa gogoratzeko. 



EGITARAUA

DURANGO
Martxoak 29
12:00: Bonbardaketetan hildakoen alde lorak jartzea, Andra Mari elizpean
Martxoak 30
10:00: Puzzle erraldoia bonbardaketak oroitzeko, Andra Mari elizpean
19:00: 'Los niños de Rusia' (Jaime Camino) film dokumentala, San Agustinen
Martxoak 31
9:00-21:00: Argazki erakusketa, Andra Marin
12:00: Gerra zibilaren biktimei omenaldia, hilerrian (autobusa 11:30ean, Komentu kaletik)

ELORRIO
Martxoak 27tik apirilaren 6ra
Erakusketa Iturri Jauregian: argazkiak, Intxortako frontearen maketa…
Martxoak 27
19:30: 'Bonbardaketa Elorrion eta Durangaldeko gerra zibilean' hitzaldia Iturrin
Hizlaria: Jon Irazabal
Martxoak 29
12:30: Bilkura aretoan, omenaldi instituzionala
Apirilak 3
19:30: 'Industria movilizadas y fabricación de armamento en Durangaldea durante la guerra civil' hitzaldia. Hizlaria: Asier Perez de Eulate
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!