Laguntzak denboraleak kaltetutako basoen jabeei

Anboto 2009ko mar. 5a, 15:56

Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak eta lurralde-elkarteek diru-laguntzak lotu dituzte Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin azken denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.

Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak eta lurralde-elkarteek diru-laguntzak lotu dituzte Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin azken denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.

Urtarrilaren 23ko eta 24ko denboralearen eraginez kaltetutako mendien ugazabek laguntzak jaso ahal izango dituzte instituzioen eskutik. Botatako zuhaitzak albait arinen ateratzea da helburua, basogintza sektorea lagundu eta gertatu daitekeen izurrien ugaltzeari aurre hartzeko.

Laguntzak botatako arbolak kentzera daude bideratuta, kaltetutako mendiak berriztatzeko baldintzapean. “Beharrezkoa da zentzuzko denboran kentzea, kalte zuzenez gain, izurriteak sortu daitezke-eta”. 2009ko urte osoan izango da laguntzoz baliatzea.

Bizkaia, kaltetuena

Urtarrileko denboraleak eragindako kalteak oso zabalduta daude Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hala ere, Bizkaia da lurralde kaltetuena. Durangaldean ere bota zituen arbolak haizeak; jausitako pinuek Trabakutik Mallabirako bidea trabatu zuten, esaterako. Hektareako 900 eta 1.800 euro arteko laguntzak izango dira, eta basoak berriztatzeko lanak %100 lagunduko dituzte. Lotutako akordioa “oso positiboki” baloratu du Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!