Mozorroz eta kolorez jantzita datoz karnabalak

Anboto 2009ko ots. 20a, 09:13

Karnabaletan parte hartzeko hamaika aukera topatu daiteke eskualdeko herrietan prestatu dituzten egitarauetan.

Inauterietan parte hartzeko hamaika aukera topatu daiteke eskualdeko herrietan prestatu dituzten egitarauetan.  Surrandi eta Hartzaren Konpartsak Durangoko kaleak zeharkatuko ditu bihar, otsailaren  21ean. Martitzenean, adin guztietakoentzako ekitaldiak antolatuko dituzte: umeentzako parkea, gazteentzako  mozorro jaialdia  eta, nagusien egoitzan,  tostada lehiaketa eta dantzaldia.

Zaldibarren umeek egun osoko jai giroaz gozatzeko aukera izango dute. Goizean  umeak mozorrotuta kalejiran irtengo dira. Arratsaldean mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Erromeria giroan pasatuko dute Mozorro Eguna iurretarrek.  Bazkaria egingo dute eta Luhartz taldearekin dantzaldia iluntzera arte luzatuko da.

Inauterietako egitaraua  prestatu dute Mallabian ere. Gaur arratsaldean bertso poteoa mozorrotuta egingo dute. Gauean, erromeria doinuekin dantzan egiteko aukera izango da plazan. Bihar arratsaldean, txitxiburduntzi eta txokolatada egingo dituzte Trabaku-Goikoan. Martitzenean, goizean umeentzako egitaraua antolatuko dute eskolan eta, arratsaldean, txokolatada, erromeria eta mozorro lehiaketa ere bai.

Berrizen, gaur arratsalderako umeentzako musika emanaldia eta txokolate dastaketa prestatu dituzte. Bihar arratsaldean, koadrilen topaketaren eta mozorro lehiaketaren ondoren, jai giroarekin jarraitzeko herri-afaria eta erromeria antolatuko dituzte.

‘Gazteneo Dantz’ emanaldia izango da Elorrion, bihar arratsaldean Ateneoan. Zapatuan,  ikastetxeetako mozorro desfilea, ikastetxeetatik abiatuta, eta haur parkea izango dira goizean. La Baldufa taldeak Baserriko saltsan ikuskizuna taularatuko du Arriolan. Arratsaldean, Abiba diskojaiaren musikak plazara gerturatzen direnak dantzan jarriko ditu. Denendako txokolatea izango da.   Mañarian be txokolaterik ez da faltako martitzenean Errekondo tabernan. Otsailaren 28an, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango da, arratsaldeko 17:00etan frontoian.

Otxandion, txupinazoa jaurti eta kalejira egingo dute bihar goizean. Arratsaldeko kalejiran musika bandak parte hartuko du. gauean ere jai giroa izango da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!