Elkartasun karabana Tindufeko kanpamenduetara irtengo da zapatuan

Anboto 2009ko ots. 12a, 17:27

Durangaldean jaso eta erositakoarekin Herria auzo elkarteak 22.181 kilo elikagai bideratuko ditu saharar kanpamenduetara. Arroza, dilistak, azukrea, atuna, pasta eta indabak dira gehien batu direnak. Horrez gainera, konpresak, arropa, zerealak eta energia-barritak ere bidaliko dituzte.

Saharar herriari laguntza bidaltzeko elkartasun karabana zapatuan abiatuko da Tindufeko (Aljeria) kanpamenduetara. Donostiako Garbera zentro komertzialetik irtengo den karabanan Durangaldeko herrietan batutako laguntza ere jasoko dute.

Eskualdean bildutakoa Durangoko Herria auzo elkarteak koordinatu du. Jakitera eman dutenez, aurten herritarrek emandako 7.000 kilo elikagai jaso dituzte. Elkarteko kideek elikagaiak batzeko kanpainan parte hartu duten ikastetxe, udaletxe, denda eta herritarrei eskerrak eman gura izan dizkiete, egin duten ahaleginagatik. Elkarteko ordezkariek diotenez, krisi sasoiak ez dira  onenak izaten mota horretako ekimenak martxan jartzeko, baina saharar herriak elikagai horiek jasotzeko “premia handia dauka”. Gaineratu dutenez, nazioartetik geroago eta laguntza gutxiago jasotzen dutenez, Aljeriako desertuan bizi diren sahararrek inoiz baino gehiago eskertzen dute karabana.

Laguntza ekonomikoa
Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarko Udalek, aurten 44.017 euroko diru-laguntzagaz, proiektu horrekin bat egin dute. Diru kopuru horrekin Herriakoek kamioi bat erosi dute eta gelditu zaien diruarekin beste produktu batzuk eskuratu dituzte. Elikagaiz betetako kamioi hori Atxondoko Udaleko zinegotzi Angel Alejok gidatuko du Alacanteraino. Handik  Oraneko portura heltzen denean, Ilargi Erdi Gorri sahararrak Tindufera eramango du, bertan gelditu dadin.

Elikagaiak
Jaso eta erositakoarekin Durangaldetik saharar kanpamenduetara 22.181 kilo elikagai bideratuko dituzte.  Arroza, dilistak, azukrea, atuna, pasta eta  indabak dira gehien batu direnak. Horrez gainera, konpresak, arropa, zerealak eta  energia-barritak ere bidaliko dituzte.


ELIKAGAIAK

Arroza: 3.542 kg.
Dilistak: 3.984 kg.
Azukrea: 4.292 kg.
Atuna: 810 kg.
Pasta: 4.345 kg.
Indabak: 2.950 kg.
Beste batzuk: 2.258kg.
Guztira: 22.181 kg

UDALEN LAGUNTZA

Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Garai, Iurreta, Izurtza,
Mallabia, Mañaria eta Zaldibar:  
Guztira: 44.017 euro      

ESKUALDEKO BILKETA


7.000 kilo elikagai 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!