Haizeak euriak baino kalte gehiago eragin du eskualdean

Anboto 2009ko urt. 29a, 15:33

Ibaiek gainezka egin ostean, Bilbo aldean estu ibili ziren atzo. Durangaldean ere, Ibaizabal eta Mañaria erreketan urak haserre joan ziren egun osoan zehar, baina ez zuten aparteko arazorik sortu. Hemen eragin handiagoa izan zuen asteburuko haize zakarrak.

Ibaiek gainezka egin ostean, Bilbo aldean estu ibili ziren atzo. Durangaldean ere, Ibaizabal eta Mañaria erreketan urak haserre joan ziren egun osoan zehar, baina ez zuten aparteko arazorik sortu. Hemen eragin handiagoa izan zuen asteburuko haize  zakarrak.


Iragarritakoa betez, bariku gaua eta zapatu goizaldea oso haizetsuak izan ziren. Orduantxe joan zen argindarra herririk gehienetan. Herri eta auzune batzuetan zapatu eguerdirako bueltatu zenez, ez zuten asko igarri. Mallabian, Mañarian, Garain, Oromiño auzoan eta Zelaietan, ordea, luzaroago egon ziren argindarrik gabe.

Mallabiko herrigunean argi barik egon ziren domeka goizera arte. Auzoetan, berriz, astearte goizean berrindartu zen.

Iurretako herriguneak ez zuen argindar faltarik pairatu, baina bestelako kontua izan zuten oromiñoarrek; izan ere, astelehen iluntzera arte ez zen argirik bueltatu.

Mañarian asteburu osoan egon ziren argindar barik. Barikua gauean joan eta domeka arratsaldean bueltatu zen.

Garai ere ez zen libratu. Ia herri osoa argindar barik egon zen astelehen eguerdira arte. Baina Goierri auzoan gaur eguerdian oraindik ez zegoen argirik.

Abadiñori dagokionez, Matienan zapatu goizean zehar itzuli zen argia, baina ez zen hala gertatu Zelaietan eta  Muntsaratzen, domeka arratsaldera arte ez baitzen bueltatu.

Pinuek bidea trabatu zuten

Argazkiak erakusten duen moduan, haizeak kalteak eragin zituen pinudi batzuetan. Trabakutik Mallabirako bidean dagoen pinudian eragindako triskantza da irudikoa. Haizeak botatako pinu batzuek erabat trabatu zuten bidea. Zorionez, ez zuten kalte pertsonalik eragin, pinudiko jabeak hartuko zuen disgustoa aparte utzita.  Hori bai, bidea itxita egon zen zapatuan.  
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!