Mankomunitateko inbertsio handienak kirol guneetarako

Anboto 2009ko urt. 7a, 16:00

Gastua ahalik eta gehien murriztea: horixe izan da Mankomunitateak 2009ko aurrekontuak diseinatzerakoan jarraitu duen irizpide nagusia. Marian Larrauri presidentearen berbetan, “krisia udaletxeetara ere heldu da, eta aurreko urteetako soberakinarekin inbertsio eta proiektu gehienak finantzatuko ditugu”. Abenduko osoko bilkuran onartutako plan ekonomikoak EAJ eta Alderdi Popularraren babesa jaso zuen. Independienteak eta PSE-EE abstenitu egin ziren, eta gainerakoek kontrako botoa eman zuten.

Datorren urteari begira, inbertsio nagusiak kirol azpiegituretan aurreikusi dituzte. Atletismo pistan konponketak egingo dituzte, Abadiñoko trinketean berogailu sistema berria ezarriko dute eta Berrizko belodromoaren zati bat itxi egingo dute. Gastu hori guztia aurreko urteetako diruzaintzako soberakinekin egingo dute. “Ekonomikoki urte onak izan ditugunean gordetakoa gastatzeko ordua da orain. ”.

Krisi egoerari aurre egin guran, gizarte zerbitzuetan eta lan eta formazioan “inoiz baino ahalegin handiagoa” egingo dutela jakitera eman du Larraurik: “Arlo horretan behar du jendeak laguntza gehien”.

Beste ekimen batzuen artean, sozialistek proposatutako proiektu bat aurrera atera da. Hiri agentearen figura sortzeko ikastaroa emango du Behargintzak. Pilar Rios zinegotziak azaldu duenez, langabetuek edo lanez aldatu gura dutenek ikastaroan parte hartzeko aukera eskaintzea da helburua, behar hau betetzeko udaletxeek kontratatu ditzaten”. Langile horiek jokaera desegokien aurrean herritarrei aholkuak emango dizkieten arren, ez dute isunak jartzeko eskuduntzarik izango.

Ingurumena
Eskualdeko kutsadura maila ezagutzeko Mankomunitateak Durangalde osoko ikerketa egingo du. Oraindik ez dute erabaki lan horren ardura zer enpresak izango duen. “Azterlanek Durangoko azterketa egin du, eta datu horiek egingo dugun ikerketarako erabilgarriak diren jakin gura dugu”, dio Larraurik.

Zabor-biltzea
Durangaldeko Mankomunitateak eskaintzen duen zabor-bilketa zerbitzuari  dagokionez, inbertsioak mantentzeko erabakia hartu dute: “Atal horretako soberakina beste kamioi bat erosteko erabiliko dugu”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!