Bizkaiko Bildotsa, kalitatearen sinonimo

Anboto 2008ko abe. 11a, 13:55

Erralde hiltegiak, EHNE sindikatuak, Bizkaiko Artzainen Elkarteak eta 300 bat harategik Bizkaiko Bildotsaren kanpaina abian jartzen duen hitzarmena sinatu dute. 4.000 bildots jarriko dituzte merkatuan, iaz baino mila gehiago. Era berean, baserritarrek iaz baino %4,2 gehiago jasoko dute.

Erralde hiltegiak, EHNE sindikatuak, Bizkaiko Artzainen Elkarteak eta 300 bat harategik Bizkaiko Bildotsaren kanpaina abian jartzen duen hitzarmena sinatu dute. 4.000 bildots jarriko dituzte merkatuan, iaz baino mila gehiago. Era berean, baserritarrek iaz baino %4,2 gehiago jasoko dute.

Bildotsak baldintza guztiak betetzen baditu, kalitate mailarik altuena onartzen dion etiketa bi jarriko dizkiote; bestela, etiketa bakarra. Goi mailako legez identifikatutako bildotsetan artzainek kiloko kobratuko dutena honako hau da, BEZa barne:
Abenduaren 15a arte.................................... 8,21 euro
Abenduaren 16tik 24ra................................ 9,68 euro
Abenduaren 25etik 31ra.............................. 8,48 euro
Urtarrilaren 1etik martxoaren 15a arte........ 6,46 euro
Martxoaren 15etik aurrera............................7,05 euro

Goi mailako ‘Bizkaiko Bildotsa’ legez ez izendatua izateko –hau da, etiketa bakarrekoak- arrazoiak honako hauek izango dira: koipe gutxi izatea, kolpeak edukitzea eta pisuan desoreka. Kasu horietarako hitzarmenak honako prezio hauek jasotzen ditu:
Abenduaren 15a arte......................................5,87 euro
Abenduaren 16tik 24ra................................. 7,93 euro
Abenduaren 25etik 31ra............................... 7,05 euro
Urtarrilaren 1etik martxoaren 15a arte......... 4,70 euro
Martxoaren 15etik aurrera............................. 5,27 euro

Azkenik, hitzarmenak zehazten duenez, artzainek hiltzen duten bildots bakoitzeko euro bat utziko dute hiltegian, komertzializazio lanak hobeto ekoizteko.

Era berean, urtarriletik aurrera Bizkaiko Bildotsaren Bira egingo dutela azaldu zuten. Bizkaiko Bildotsa ezagutzera emango dute Bizkaiko hainbat udalerritan. Bildotsa erre eta herritarrei eskainiko zaie, esaterako, Berrizen eta Otxandion.

Iritziak

Jabier Aldekoa (Bizkaiko Artzainen Lehendakaria): “Gaur sinatu dugun hitzarmena egokia dela uste dut. Nik artzainen ikuspuntutik esan nahi dudana da, gauzak ondo irten daitezen lehenengo eta behin geuk produktu ona eskaintzea lortu behar dugula. Hori eginez gero, kontsumitzaileak gustura egongo dira eta erantzungo dute. Geu hasten bagara gauzak txarto egiten alperrik gabiltza. Ondo eginez gero, datorren urtean ere ez dugu arazorik edukiko kanpaina bideratu eta produktua saltzeko”

Unzalu Salterain (EHNE sindikatua): “Iaz parametro sinple batzuk jarri genituen. Lehenengo eta behin, bildotsa jaiotzen denetik erosleak erosten duenera arte dauden prozesu anitzetan banaketa justua egitea; kate horretan parte hartzen dutenei merezi dutena ematea. Esaterako, artzainei benetan errekonozitzea beraien lana eta kalitatearen bilaketa. Horrela beste guztiekin ere. Hori egin genuen eta aurten KPIa igota berriro lortu dugula uste dut. Bigarrenik, garrantzitsua da bildotsa identifikatzea. Hemengoa dena hemen saltzea, alegia. Bestela nahasmen handia sortzen da; hemengo bildotsa kanpora joaten da, kanpokoa hona… hori zoramena da. Azkenik, uste dut guk ezarritako prezioak erreferentzia legez erabiltzen hasi direla, beraz eremu horretan eragin dugula hitzarmen honetatik kanpora ere”

Joseba Barturen (harakina): Guk harategietan benetan merezi duen produktua izango dugu. Kalitatea eskainiko dugu. Izan ere, argi dago enpresa-kate handiekin ezin dugula beste modu batera lehiatu. Kalitatearen bidea da jarraitu behar duguna. Guk, harakinok, bildotsa edukitzeaz gainera erakutsi egingo dugu, ezagutarazi. Geure generoari balio eman behar diogu, Geuretzako geuk ez badugu egiten, inork ez du egingo. Konfiantza dut kanpainak harrera ona izango duela”.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!