Metala, 70eko hamarkadako rocka, pop-rocka eta post-rocka entzungai

Anboto 2008ko aza. 26a, 15:13

Danbakak aurrera darrai. Lehiaketa sortu zenetik lau urte pasatu dira, eta tarte horretan talde berri asko sortu da. Ez hori bakarrik, lehiaketaren izena handituz doa, eta Debabarrenetik eta Durangaldetik ere eskaintza interesgarriak etorri zaizkigu. Horrek guztiak lehiaketaren maila igo du. Hurrengo kontzertua ostiralean izango dugu entzungai, 22:30ean Elgetako Espaloian.

Danbakak aurrera darrai. Dagoeneko ikusi eta entzun ahal izan dugu lehiaketa eskualde gehiagotara zabaltzeak eskaintza berri asko ekarri duela. Lehiaketa sortu zenetik lau urte pasatu dira, eta tarte horretan talde berri asko sortu da. Ez hori bakarrik, lehiaketaren izena handituz doa, eta Debabarrenetik eta Durangaldetik ere eskaintza interesgarriak etorri zaizkigu. Horrek guztiak lehiaketaren maila igo du.

Aretxabaletako Igor San Juan bigarren aldiz ikusi ahal izango dugu Espaloia kafe antzokian. Kantuak etxean bakardadean idatzi eta konposatzen dituen arren, zuzenekoetarako musikari asko batzen ditu bere inguruan.

Mery mayren taldea
Mery May izen artistikoa daukan Maria Fagan arrasatearra ere bigarren aldiz igoko da Elgetako agertokira; baina, oraingoan, Foxy Boxxi talde rockeroaren frontwoman moduan.
Beste biak, Eibar zein Ondarroako kideak dituen Norman post-punk taldea eta Durangoko Hilbete metal-zaleen taldea izango dira; biak hala biak talde gazteak eta euskaraz abesten dutenak.


FOXI BOXXI (Arrasate)
Arrasateko laukote horrek rocka darama zainetan, eta 2005ean taldea sortu zutenetik euren bidea egiten dihardute poliki-poliki. Maria Fagan –Mery May moduan ere ezagutu izan duguna– da abeslaria eta gitarra jotzailea, Oier Arregi, Aitor Etxagibel eta Aitor Morenok lagunduta. Ingelesez abesten dute eta rock-and-rolla egiten dute, gitarra eta melodia indartsuekin aberastuta. Sasoi honetan, autoekoiztutako lana aurkezten dabiltza taldekideak.

IGOR SAN JUAN (Aretxabaleta)

Igor San Juan “Xixtor”-ek urte ugari darama etxean abestiak idazten eta gitarrarekin melodiak konposatzen. Tarteka, Aretxabaletan kontzerturen baten esku hartu izan du, baina Danbakako bigarren edizioan esku hartu zuen arte, ez zuten askok agertoki gainean aurretik ikusi izan. Pop-rocka egiten du, euskaraz abestuta, eta batzuetan, abesteko moduagatik, Txuma Murugarren gogora ekartzen du. Oraingoan ere, seguruenik, Eibarko musikari asko eramango ditu Espaloiko agertokira.

NORMAN (Eibar-Ondarroa)
Norman Bates-en jarraitzaile horiek Eibar eta Ondarroatik datoz, eta 2007. urtearen bukaeran taldea sortzea erabaki zuten. Euretako batzuk Electric Dolls taldetik datoz, eta orduko punk-rocketik jauzi nabarmena egin dute oraingoan. Euskaraz abestutako post-rocka egiten dute, gitarra doinuetan Dead Kennedys taldearen aztarna antzematen uzten duena, baina, modu berean, erritmo aldaketetan Minutemen edo M-ak bera ere gogora ekartzen duena.

Hilbete (Durango)
Durangoko Hilbete hirukotea gazte samarra da, taldea 2008ko udaberrian sortu zuten-eta. Hala ere, taldekideek badute zelanbaiteko esperientzia musika ibilbidean, eta horietako batzuk, besteak beste, Nabari taldean ibiliak dira. Enekok (ahotsa eta gitarra), Yeraik (bateria) eta Asierrek (baxua eta koroak) metalaren eta rock alternatiboaren arteko kantuak egiten dituzte, euskaraz eta melodia eta indarra, biak, euren tamainan uztartuta.

KONTZERTUA
Barikua. 22:30
Elgetako Espaloia
5 euro (Gaztekutxa, 3 euro)
> Foxy Boxxi
> Igor San Juan
> Norman
> Hilbete

Sarrerak doan lortzeko: astekaria@anboto.org
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!