
Ezin modu eztiagoan hasi zen Danbaka III. Lehiaketa. Gitarra alboan eta ahots goxoarekin, ikusleak laztanduta ordu erdi bateko saio liluragarria egin zuen Mery Mayk. Gaztea da, baina ez erraz kikiltzekoa eta abesti landu eta sentiberekin poltsikoan berehala sartu zituen ikusleak. Harritzekoa ere erakutsi zuen naturaltasuna. Gaueko txalo beroenak hark jaso zituen.
Labeldun Heavya
Eta bakarlariaren eztitik, Mallabiko berunera. Gitarra astunak, punteo zorrotzak eta Su Ta Garren oinordekotzarekin heavy zaleek aitzakiarik izan ez zuten emanaldia egin zuten Damudotekoek. Euskal Herrian euren musikak leku handia dauka eta eremu horretan eroso mugitzen dira mallabiarrak. Alde horretatik ezusteko gutxi baina egindakoa bikain eginez. Agertokia piztea falta zitzaien, gar apur batzuk. Hala ere, indarra, gogoa eta izerdia, izerdi asko.
Showa berme moduan
Zurrunbiloak bezala iritsi eta joan zen The 5 Twisters; tartean, erritmoa, rock-and-rolla eta jarrera zein pose bilduma lagata. Errebalidaren bila etorri dira eta bigarren apustu honetan talde trinkogoa eta ikuskizun grina bikaina ekarri dute. Teknika eta abilezia aurretik ere bazeukaten eta ondo frogatuta gainera.